Gasteizko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu zituen atzo, sexu eraso bat egitea leporatuta bata, eta bikotekidea jipoitzea egotzita bestea. Bata Zabalgana auzoan atxilotu zuten, eguerdian; 33 urteko gizonezkoa da. Biktimak poliziei azaldu zien gizonak bere etxera sartzea lortu zuela eta baimenik gabe ukituak egin zizkiola, harik eta ihes egitea lortu zuen arte. Udaltzainek, hara iritsitakoan, emakumearekin hitz egin zuten, eta gizona inguruan aurkitu eta atxilotu egin zuten.
Bestalde, arratsaldean, 22 urteko beste gizonezko bat atzeman zuen Poliziak Gasteizko Barazar Mendatearen kalean, bikotekideari eraso egitea leporatuta. 14:30ak aldera, udaltzainek abisua jaso zuten esanez gizon bat emakume bat jotzen ari zela kalean. Biktima bikotekidearekin eta haren lagunarekin zegoen, eta salatu zuen bikotekideak eztabaida batean eraso egin ziola. Lekuko batek berretsi egin zuen biktimaren bertsioa, eta, ondorioz, gizonezkoa atxilotu zuen Poliziak.