Foruzaingoak bi gizon atxilotu ditu Nafarroan, indarkeria matxista egotzita. Adierazi dutenez, bi atxiloketak adingabeek larrialdi zerbitzuetara egindako deien ondorio izan dira. Lizarraldean atxilotu zuten gizon horietako bat: ume batek larrialdi zerbitzuetara hots egin zuen erranez aita «oso bortitz» jokatzen ari zela, eta Polizia bertaratzeko eskatu zuen. Gizona atxilo hartu, eginbideak abiatu, eta epaitegien esku utzi dute auzia.
Tuteran atxilotu zuten bestea. Adingabe batek larrialdi zerbitzuei hots egin zien, eta erran haren aitaordeak amari eraso egin nahi ziola; Foruzainak bertaratu ziren, eta gizona atxilotu zuten, indarkeria matxista leporatuta. Kasu horretan ere eginbideak abiatu dituzte, eta epaitegien esku da kasua dagoeneko.

