Bi gizon atxilotu dituzte sexu erasoak egitea egotzita

Donostian eta Barakaldon izan dira erasoak, haien bikotekideen aurka. Elkarretaratze bat egin dute Donostian, gertaera gaitzesteko

Sexu erasoa gaitzesteko, elkarretaratze bat egin zuten atzo. DONOSTIAKO UDALA.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Astelehen goizaldean, Ertzaintzak 51 urteko gizon bat atxilotu zuen Donostian, bikotekidearen aurkako sexu eraso bat egitea egotzita. Ertzaintzak adierazi zuenez, atxilotuak emakumearekiko urruntze agindu bat zuen, baina, hori urratu, eta haren etxera joan zen; han egin zion eraso.

Emakumeak eman zion erasoaren berri Ertzaintzari. Hainbat kolpe eta zauri zituen gorputzean, eta ospitalera eraman behar izan zuten. Gizona, berriz, etxean topatu zuten, eta han atxilotu zuten. Epaileek astelehen arratsaldean erabaki zuten kartzelatzea.

Donostiako Udalak erasoa gaitzesteko elkarretaratze bat eginzuen atzo, Alderdi Ederren. Gogor salatu zuen gertaera, eta adierazi zuen horrelako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik «higuingarrienak» direla. Bestalde, babesa eta elkartasuna adierazi zien biktimari eta haren ingurukoei.

Beste eraso bat Barakaldon

Donostiakoa ez da izan egunotan salatutako sexu eraso bakarra. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 20 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, Barakaldon (Bizkaia), haren bikotekideari sexu eraso bat egitea leporatuta. Goizaldean jazo zen gertaera. Emakumeak larrialdietara deitu zuen, bikoteak eraso egin ziola esanez. Etxebizitzaren patioan aurkitu zuten gizonezkoa, eta bertan atxilotu zuten. Emakumeak kolpeak zituen aurpegian eta lepoan, eta ospitalera eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.