Emakumeen aurkako indarkeria

Bi gizonezko atxilotu dituzte emakumeen aurkako indarkeriagatik

41 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Santurtzin (Bizkaia), bikotekidea jotzea egotzita. Andrazkoak bizilagun baten etxean babestu behar izan zuen, eta anbulantzian bati hotsegin behar izan zioten zauriak sendatzeko. Atxilotutako gizonezkoak bikotekideari eraso ziola aitortu zuen. Larunbat iluntzean, berriz, 43 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen Udaltzaingoak Bilbon, kalean emaztea jotzen ari zela.

2005eko abenduaren 26a
16:21
Entzun
Atzo goizean gertatu zen erasoa, bikotea bizi zen etxean, Santurtziko Mendizabal Kapitaina kalean. Gizonezkoak kolpeka eraso zion emakumeari, eta hark ihes egin eta bizilagun baten etxean eskatu zuen laguntza. Hain justu, bizilagun hori izan zen Ertzaintzari deitu ziona. Era berean, anbulantzia bati hotsegin behar izan zioten andrazkoa arta zezaten.

Erasoa gertatu zen lekura irisitakoan 41 urteko J.S.P. atxilotu zuen Ertzaintzak, bikotekideari eraso egitea egotzita. J.S.P.k andrea jo zuela aitortu zuen.

Larunbat iluntzean, berriz, 43 urteko L.M.R.M. atxilotu zuen Bilbon Udaltzaingoak, kalean emazte ohiari eraso ziolako. Udaltzaingoko iturriek agertu dutenez, emazte ohia bidaia batetik iritsi berria zen, 5 urteko alabarekin, hain justu, neskatoak Eguberriak senar ohiarekin igaro zitzan. Autobus geltokira umearen bila joan zen gizonezkoa, eta emazte ohia ikusi eta segituan irainka hasi zitzaion, eta, berehala, joka. Inguruan zegoen jendeak aurre egin zion gizonezkoari, baina oso jarrera bortitza zuela-eta udaltzainei deitu zieten atxilo zezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.