23 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Guardia Zibilak Errioxan eta Sorian (Espainia), 50 emakumeren sexu irudiak legez kanpo lortzeagatik eta zabaltzeagatik. Emakumeetako hiru nafarrak dira, bat bizkaitarra, eta beste bat gipuzkoarra. Bi atxilotuak aske utzi dituzte, karguekin. Argazkiak eta bideoak Telegram eta Whatsapp mezularitza aplikazioen bidez zabaltzen zituztela jakinarazi du Poliziak. Iturri horien arabera, biktima batzuk atxilotuen ezagunak ziren —pisukideak, unibertsitateko ikaskideak, bikotekideak eta senideak—, eta haien konfiantzaz baliatu ziren irudiak bidegabe lortzeko.
Elkarretaratze birtualak antolatzen zituzten mezularitza aplikazioen bidez, talde itxietan, «emakume gazteen irudi intimoak trukatzeko haien baimenik gabe», azaldu du Guardia Zibilaren Errioxako bozeramaileak. Esan duenez, talde horietan parte hartzen zutenei, gainera, aholkuak ematen zizkieten halako edukiak engainu bidez lortzeko. Adibidez, nola sartu biktimen telefonoetara, edo nola erabili nortasun faltsua irudiak eskuratzeko.
Polizia operazioa aurtengo martxoan hasi zuten. Guardia Zibilaren arabera, atxilotuek biktimen etxebizitzetan —batzuk gizonezkoen pisukideak— eta lagunekin oporretara joaten ziren etxeetan ipini zituzten bideozaintza kamerak, eta horrela grabatu zituzten biktimen bizitza intimoen uneak. Emakume horietako batzuk, gainera, adingabeak ziren delitua egin zen momentuan. Beste kasu batzuetan, biktimekin izan zituzten sexu harremanak, eta haiek jakin gabe grabatu zituzten. Material hori guztia pilatuta zeukaten, eta, trukatzeaz gain, saldu ere egiten zuten.
Gizon bat atxiki dute Gasteizen
Gasteizko Udaltzaingoak 29 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean, bikotekideari eraso egitea egotzita. Herritar batzuek atxiki dute gizonezkoa, udaltzainak iritsi arte. Udaltzaingoaren arabera, 00:30ean herritar batzuek deitu diete, esanez gizon bat atxikia zutela emakume bat jo zuelako. Udaltzainek emakumearekin, gizonarekin eta lekukoekin hitz egin dute, eta gizona atxilotu.
Gizon horrez gain, 21 urteko beste bat atxilotu dute gaur goizaldean Gasteizen, sexu eraso delitua egotzita. Udaltzaingoaren esanetan, neska talde bati jazarri zaie. Neskek Gurutze Gorrira jo dute eta bertako langileei esan diete arazoak izan dituztela gizon batekin. Nesken arabera, gizona jazarri egin zaie gauaren zati handi batean, deseroso sentitu dira, lekuz aldatu dira zenbait aldiz, baina ez dute lortu gizonak bakean uztea. Gizonari iskin egiteko asmoz, emakumeentzako komun publiko batean sartu dira, baina gizonak atea zabaldu du, nesketako bat barruan zela, gerritik behera biluzik.
Zenbait herritarrek gizona komunetatik atera dute eta udaltzainei deitu diete. Udaltzainek gizona aurkitu dute, eta atxilotu.