Aurtengo otsailean neska adingabe batek Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuetara jo zuen, Bilbon. Bakarrik zegoen. Erakundeak halako kasuetarako protokoloa abiatu zuen. Aurrena harrera familia batera eraman zuen; gero egoitza batera. Azaroaren amaieran, ordea, babesik gabe dauden haurrez arduratzen den zerbitzua harremanetan jarri zen Espainiako Poliziarekin: jakinarazi zion neska horrek gurasoen bisita jaso zuela egoitzan.
Espainiako Poliziaren arabera, jakin zuten gurasoek Loiuko aireportuan hegaldi bat hartu nahi zutela, Marokora bueltatzeko. Aireportura joan ziren, eta atxilotu egin zituzten, ustez seme-alabak abandonatzeagatik.
Berriro gurasoekin
Poliziak zehaztu du gurasoak otsailean Marokotik Granadara (Espainiara) joan zirela. Alaba autobus batean sartu zutela, bakarrik, Bilbora joateko. Bilbon bizi da haren anaia. Mutila adinduna da gaur egun, baina Espainiako Poliziak «baieztatu» du semea adingabea zenean gurasoek abandonatu egin zutela, «alabarekin egin duten moduan».
Gurasoek epailearen aurrean deklaratu zuten. Epaileak aske utzi ditu, karguekin. Alaba haien esku utzi du.