Idazkari judiziala joan ez den arren, bi haur dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon

Ume batek 2 urte ditu, eta besteak 3. Idazkari judiziala 12:00etan zen etortzekoa. AZET etxebizitza sindikatuak salatu du «irregulartasunez» egin dutela etxegabetze prozesua, eta, horrenbestez, familiaren eskubideak ez dituztela errespetatu.

Etxegabetzearen aurkako ekintza, gaur. BERRIA
Etxegabetzearen aurkako ekintza, gaur. BERRIA
Gotzon Hermosilla - Mikel Garcia Martikorena
Bilbo
2025eko ekainaren 9a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

«Lotsa emango lidake familia bat kaleratzeak» oihukatuz egin dute protesta Bilboko Zurbaranbarri auzoan. Etxegabetze bat gauzatu dute han: idazkari judiziala bertaratu ez den arren, Udaltzaingoak bi haur dituen familia bat kaleratu du. Poliziak bertan protestan ari zirenei onartu die hori irregulartasun bat dela. Etxebizitzara sartu dira polizia agenteak, bertan zeuden ekintzaileak indarrez kanporatuta. Etxegabetzea eragozteko asmoz, goizetik protestan aritu dira dozenaka lagun, AZET etxebizitza sindikatuak eta auzoko zenbait eragilek deituta.

Sindikatuko kideek itxaropena zuten aukera izango zutela idazkari judizialarekin negoziatu eta etxegabetzea bertan behera uzteko. Izan ere, Bizkaiko Auzitegiak ontzat jo du familia «zaurgarria» dela adierazten duen helegite bat. Idazkari judiziala 12:00etan zen heltzekoa. Azkenean, ordea, ez da bertaratu. Horrek, baina, ez ditu geldiarazi udaltzainak, eta, etxea husteko agindua zutela argudiatuta, familia etxegabetu dute.

Sindikatuko kideek jarrera hori gaitzetsi dute; are, salatu dute etxea husteko era «guztiz irregularra» izan dela. «Familia zaurgarria dela adierazten duen helegite bat dugu prest, epaileek onartutakoa, gainera. Baina idazkari judiziala ez denez agertu, ez dugu aukerarik izan familiaren eskubideak defendatzeko», salatu du Peio Almagro AZET etxebizitza sindikatuko kideak. AZETeko kideek salatu dutenez, Bilboko Instrukzioko 5. Epaitegiaren jarrera «bereziki oldarkorra» izan da prozesua abiarazi zenetik.

Etxegabetzeak izaten direnean, ohikoa izaten da idazkari judiziala bertaratzea, kasuaren inguruko xehetasunak azaltzeko. Horrela jardun ez izanak harrabotsa eragin du etxegabetzearen aurka batu diren lagunen artean. Izan ere, 12:00etarako zegoen aurreikusia familia etxetik kanporatzea; azkenean, poliziak 13:30 inguruan hasi dira etxebizitzan sartzen. Eta, azkenean, ordubeteren buruan gauzatu dute etxegabetzea. Birtartean, bai AZETeko hainbat kide eta bai auzoko eta Bilboko dozenaka lagun protestan aritu dira. Almagrok nabarmendu du polizia «indarkeria handiz» oldartu zaiela «era baketsuan» protestan ari ziren horiei.

Erakundeen laguntzarik ez

Etxebizitza sindikatuak egunak zeramatzan Auroraren eta haren familiaren egoeraren berri ematen. Ekintzaileek salatu dutenez, bi ume ditu emakumeak, 2 urtekoa bata eta 3koa bestea. Familia etxean geratzeko ahaleginak egin dituzte, baina ez epaitegiek eta ez gizarte zerbitzuek ez diete jaramonik egin. Sindikatuko kideek nabarmendu dutenez, erakunde publikoekin harremanetan jarri dira azken egunetan «alternatiba bat» bilatzeko, eta «ezezko biribila» jaso dute. «Bilbon pobreen aurkako gerra bat dago, dudarik gabe», azpimarratu dute. Sindikatuko kideek azaldu dutenaren arabera, familiak sei hilabete daramatza auzoan, eta «guztiz integraturik» daude. Adibidez, jakinarazi dute haurrak datorren ikasturtean Zurbaranbarriko eskolan hastekotan direla. Gainera, AZETek adierazi duenez, emakumea indarkeria matxistaren biktima da.

«Idazkari judiziala ez denez agertu, ez dugu aukerarik izan familiaren eskubideak defendatzeko»

PELLO ALMAGRO AZET etxebizitza sindikatuko kidea
Poliziak, hustu behar duten etxebizitzaren aurrean, Bilbon. BERRIA
Poliziak, hustu behar zuten etxebizitzaren aurrean, Bilbon. BERRIA

Ertzaintzak errepidea itxi du goizean goiz, eta tentsioa nabarmena izan da Poliziaren eta manifestarien artean. Etxearen aurrean elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek, eta eserialdia ere bai. Ekintza hori, ordea, bertan behera utzi behar izan dute, eta lekuz mugitu dira, Ertzaintzak mehatxu egin baitie. Horiek horrela, kalearen bi aldeetan kokatu dira manifestariak, eta etxegabetzearen aurkako aldarriak oihukatzen jarraitu. 

Etxebizitza ez da negozioa; ez, ez, ez, kaleratzerik ez; negozioa bada, ez da eskubidea; gora erresistentzia eta antzeko leloak oihukatu dituzte bertaratutakoek. Bestelakoak ere bai: Horko horiek jendea etxegabetzen dute eta Lotsa emango lidake familia bat kaleratzeak. Azken lelo horiek ez dira polizien gogokoak izan: ertzainburu batek kargu hartu die protestan ari zirenei, eta ohartarazi «errespetu falta guztiak» bideoz grabatzen ari zirela.

Kalean ez ezik, hustu duten etxean ere bazegoen jendea: hamar bat lagun. Horiek kalera irten dira Udaltzaingoa etxebizitzara sartzen hasi denean, eta atarian paratu dira, pankarta batekin. Banan-banan kendu dituzte sarreratik, arrastaka eta indarrez, inguruan zeuden auzokideek «eutsi gogor, zuekin gaude»oihukatzen zuten bitartean. Eraikineko atarian zeuden guztiak identifikatu eta kanporatu dituzte poliziek, eta gero, libre utzi. Txalo eta besarkada artean hartu dituzte protestan ari zirenek.

Eraikineko sarrera libre utzi dutenean, bi udaltzain sartu dira, eta atea bota dute mazo batekin. Etxebizitzan zeudenak identifikatu eta kanporatu ostean, bukatutzat eman dute etxegabetzea.

Etxegabetzea bera eta Poliziak etxea hustean gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea antolatu du AZETek: Bilboko Iturriondo plazan egingo dute, 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.