Bi lagun hil ziren igandean Lantzen (Nafarroa) trafiko istripuz. Auto batek eta autobus batek elkar jo dute, aurrez aurre. Talkaren ondorioz, bi pertsona zendu dira. Hildakoetako bat 74 urteko gizonezko bat da, autoko gidaria. Bestea 28 urteko emakumezkoa da, eta ibilgailuak erretiratzerakoan aurkitu dute haren gorpua. Foruzaingoak baieztatu duenez, autobuseko aurreko eserlekuetako batean zihoan Lekunberriko emakumea.
Istripuak hamar zauritu eragin ditu, gainera. Horietako hiru larri zaurituta daude. Egoera larrienean dagoena Baztanesa konpainiako autobuseko gidaria da. 54 urteko gizonezkoak traumatismoa du bularrean, eta hautsia du txorkatila, baina, osasun zerbitzuek jakinarazi dutenez, haren bizitza ez dago arriskuan. Gidaria autobusean harrapatuta gelditu zen, eta erreskate lanetan atera behar izan zuten ibilgailutik.
Istripua 09:35ak aldera gertatu da, autoa kontrako norantzako errailean sartu denean. Hamabi bidaiari eta gidaria zihoazen autobusean une horretan, Iruñea, Elizondo eta Donostia arteko bidea egiten duen autobusean. Ezbeharraren lekura joan dira suhiltzaileak, mediku talde bat eta Foruzaingoa. Oraindik ez dira argitu istripuaren zergatiak.
Ezbeharra Gasteizen
Astelehen goizean oinezko bat hil da autobus batek harrapatuta. SOS Deiek eta Udaltzaingoak jakinarazi dutenez, 08:52an gertatu da ezbeharra, autobus batek oinezko bat harrapatu duenean, Gasteizko Portal de Castilla kalean. Larrialdi zerbitzuak berehala heldu dira ezbeharra izan den tokira, baina ezin izan dute ezer egin.