SUTEA

Bi lagun hil dira Santurtzin, eraikin batek su hartu ostean

Utzita zegoen jatetxe batean piztu da sua, eta hildakoak bertan gaua pasatzen ari ziren etxerik gabeko bi pertsona dira. Beste bi lagun larri zauritu dira. Ricardo Ituarte Santurtziko alkateak esan duenez, paperik gabeko etorkinak dira. Udalak jatetxearen jabeari eraikina botatzeko esan zion urrian.

2010eko azaroaren 22a
17:57
Entzun
Bi pertsona hil dira gaur goizean Santurtzin, eraikin batean izandako sutean -utzita zegoen jatetxe bat zegoen han-. Ertzaintzak jakinarazi duenez, hildakoak kalean bizi ziren bi lagun dira, eta gaua pasatzen ari ziren jatetxean. Oraindik argitu gabe dago nola piztu den sua. Dagoeneko suhiltzaileek kontrolpean daukate sutea, baina eraikina oso egoera txarrean geratu da.

06:05etan sortu da sua, Lucas jatetxea izandakoan, Iparragirre etorbideko 69. zenbakian. Ertzaintzak esan duenez, ohikoa zen eraikin hori etxerik gabekoek gaua pasatzeko erabiltzea. Hildakoez gain, etxerik gabeko beste bi pertsona larri zauritu dira suak eragindako erredurekin, eta Barakaldoko Gurutzetako ospitalera eraman dituzte. 18 eta 22 urte bitartean dituzten bi lagun dira zauritutakoak. Udaltzainek atera dituzte handik.

Ricardo Ituarte Santurtziko alkateak Radio Euskadin esan du litekeena dela hildakoak eta zauritutakoak paperik gabeko lagunak izatea izatea. Izan ere, herrian zenbait arazo zituzten pertsona haiekin, alkateak esan duenez, istiluak sortzen zituztelako zenbaitzuetan. Eraikinaren jabeek Udalaren eskutik horren egoera txarraren berri bazutela gaineratu du alkateak. Udaltzaingoak azken hilabeteetan eraikin hartan hogei aldiz hartu behar izan du parte sute txikiengatik-eta, Ituartek esan duenez.

Udalak uste du eraikina bota egin behar zela. "Udalak urriaren 5ean jabeari esan zion, arriskua zegoela-eta, lokaletik atera zitzala bertako lagunak eta bota zezala eraikina, baina jabeak azaroaren 12an helegitea aurkeztu zuen", adierazi du alkateak. "Eraikin pribatua da eta jabeak hartu behar du erabakia, harena da erantzukizuna. Guk ahal duguna egin dugu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.