Aurrez aurre talka egin zuten atzo N-634 errepidean Zornotza (Bizkaia) parean automobil batek eta Bizkaibuseko autobus batek 15:30 aldera. Kolpearen ondorioz autoko bi bidaiari han bertan zendu ziren; 66 eta 67 urteko andra-gizonak ziren, Eibarkoak (Gipuzkoa). 6 urteko bilobarekin zihoazen ibilgailuan. Umea, zaurituta, Gurutzetako erietxera eraman behar izan zuten helikopteroan. Autobuseko bidaiarien artean 20tik gora lagun zauritu baziren ere, ez zegoen zauri larriak zituen inor.
Durangaldeko Gurutze Gorriak aire zabaleko erietxe bat jarri zuen martxan istripua jazo zen lekuan bertan, eta hantxe eman zieten lehendabiziko artazauritu gehienei. Segidan, inguruko osasun zentroetara bideratu zituzten asko, eta bost lagun Galdakaoko erietxera eraman zituzten. Istripuan zauritutako emakume haurdun bat, bestalde, Gurutzetako erietxera eraman zuten; fetua ondo zegoela ikusi ostean etxera joaten laga zioten, kolpe handirik ez zuelako. Zauritu gehienek senda agiria berehala jasotzeko moduko zauriak zituztela zehaztu zuten Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko informazio iturriek. Halaxe, medikuek etxera joateko baimena eman zieten berehala.
Ilunabarrean eman zuen Gurutzetako erietxeak istripuan zauritutako neska txikiaren gaineko osasun egoerari buruzko informazioa. Kolpe ugari ditu, horietako bat biriketan, eta pelbisa hautsita du. Medikuek egiten duten pronostiko larria dela eta, erietxeko pediatriako zaintza intentsiboen unitatean daukate ingresatuta.
Zornotzako Euba auzotik gertu jazo zen ezbeharra. Kalapita sortu zuen N-634 errepidean, ibilgailuen zirkulaziorako itxita egon baitzen hainbat orduz. Gidariak, ordezko errepide gisara, A-8 autobidera bideratu zituzten ertzainek. Istripua izan zuen autobusak Bilbo-Durango-Eibar ibilbidea egiten du, eta Eibarrera bidean zihoan. Automobilak, berriz, kontrako norabidean zeraman. Herrizaingo Sailak ikerketa abiatu zuen istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Istripua Arrigorriagan
Arrigorriagan (Bizkaia) ere ezbeharra gertatu zen atzo BI-625 errepidean. Scania markako kamioi bat irauli egin zen 13:45ean, eta kamioilaria, 49 urteko gizonezkoa, Galdakaoko erietxera eraman behar izan zuten zaurituta.
Istripuaren ondorioz zirkulazioa eten egin behar izan zuten errepide horretan. Ibilgailuak Ugarte industrialdetik bideratu zituzten ertzainek eta Arrigorriagako udaltzainek. Hainbat orduz eduki zuten moztuta errepidea zirkulaziorako.
Bi lagun hil, eta 20tik gora zauritu dira istripu batean
Auto batek eta autobus batek izan dute ezbeharra, Zornotzan; autoko bi bidaiari hil dira, 66 eta 67 urteko andre-gizonakAutobuseko bidaiari gehienek zauri arinak baino ez dituzte, eta senda-agiria jaso dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu