Ezbeharra

Atxilotu egin dute Lezon bi hildako eragin dituen istripuko gidarietako bat

Bi autok aurrez aurre jo dute elkar goizaldean. Bide segurtasunaren aurkako delitua eta zuhurtziagabekeria larria egotzi dizkiote 21 urteko gizonari. Hildako batek 20 urte zituen, eta besteak 22.

CAV TRÁFICO VERANO
Ertzain bat lanean, artxiboko irudi batean.
Paulo Ostolaza.
2023ko abenduaren 4a
09:25
Entzun

Istripu larria gertatu da gaur goizaldean GI-636 errepidean, Lezo (Gipuzkoa) parean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bi autok aurrez aurre jo dute elkar 3:45 aldera, eta autoetako bateko bidaiariak horren barruan harrapatuta geratu dira, suhiltzaileek erreskatatu dituzten arte. Bi lagun hil dira, eta beste bost Donostiako eta Bidasoko ospitaleetara eraman dituzte zaurituta. Larri dago horietako bat, hildakoen auto berean zihoan 21 urteko neska bat. 20 eta 22 urte zituzten bizia galdu dutenek; Altzakoa (Donostia) zen bat, eta Lezokoa bestea.

Ertzaintzak errepidea moztu, eta ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko. Ordu gutxira, bi autoetako baten gidaria atxilotu du. Gizonak 21 urte ditu, Frantziako nazionalitatea du, eta BMW markako autoaren gidaria zen. Bide segurtasunaren aurkako delitua eta zuhurtziagabekeria larria egotzi dizkiote, eta epailearen aurrera eramango dute Donostiako ospitaleko medikuen baimena jasotzen duenean. El Diario Vasco egunkariaren arabera, ikerketak argitu du bere lerrotik irten zelako jo zutela elkar bi ibilgailuek.

Atxilotuaren autoan hiru lagun zihoazen; harrapatuta geratu zirenen kotxean, berriz, lau. 30 urte baino gehiagoko Ford Orion batean zihoazen, eta ez zituen aurrez aurre jo zuten BMW 116aren pareko segurtasun sistemak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.