Bi manifestari atxilotu ditu Ertzaintzak Ibaetako campusean

Batasunaren kontrako azken polizia operazioa salatzeko egin dute manifestazioa. Bidea moztu dute, eta Ertzaintza haien kontra oldartu da. Gazteen arabera, zaurituak ere badira. Campus osora zabaldu dira istiluak. Oro har, Euskal Herriko leku askotan egin dira sarekadaren kontrako mobilizazioak eta manifestazioak hiriburuetan.

2007ko urriaren 11
17:55
Entzun
Donostiako Ibaetako campusean 300 bat lagunek parte hartu dute LABek deituta Batasunaren buruzagitzaren kontra egindako operazioa salatzeko manifestazioan. Gaztesarea-k azaldu duenez, campuseko sarrera nagusiko bidea moztu dute, eta Ertzaintza haien kontra oldartu da. Oldarraldian bi gazte atxilotu ditu: Elorrioko (Bizkaia) Ibai Esteibarlanda eta Iruñeko Idoia Arraiz, Askatasuna baieztatu duenez. Aipatutako iturrien arabera, zenbait lagun zaurituta gertatu dira.

Lekukoek azaldu dutenez, campuseko beste gune batzuetara zabaldu dira istiluak, eta ikasgeletara ere sartu da Ertzaintza. Hain zuzen ere, ikasgeletan babestu behar izan dutela agertu dute ikasleek.

Beste hainbat lekutan ere egin dituzte manifestazioak ikasleek -besteak beste, Leioako campusean-, eta Gasteizen eta Irunen ere Ertzaintzak sakabanatu ditu.

Mobilizazioak enpresa eta leku ugaritan

Ikasleek ez ezik, langileek ere mobilizazioak egin dituzte LABek deituta Batasunaren aurkako operazioa salatzeko. Besteak beste, BBVA, BBK, Telefonica, Bizkaiko Diputazioko eta Jaurlaritzako langileek parte hartu dute elkarretaratze horietan. Gainera, hiriburuetan manifestazioan egin dira. Donostiakoan Rafa Diez LABeko idazkari nagusia izan da, eta Zapateroren Gobernua Aznarrenaren pareko jokabidea erakusten ari dela adierazi du.

EKTko langileen batzarrak bat egin du deialdiarekin

BERRIA argitaratzen duen EKT enpresako langileen batzarrak bat egin du LABen deialdiarekin. Hori dela eta, 11:30etatik 12:00etara Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean egin den elkarretaratzean parte hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.