Bietako baten emazteak herenegun goizaldean eman zuen mendizaleen desagertzearen berri, ez baitziren etxera itzuli. Espainiako Guardia Zibila atzo 08:00etan hasi zen bila. Berehala aurkitu zuten bi mendizaleen furgoneta, Espainia eta Frantzia bereizten dituen Portalet mendatetik ehun metrora. Furgonetaren ostean, bi mendizaleen gorpuak aurkitu zituzten 09:30ak aldera, elur jausi batek harrapatuta. Bi gorpuak Jacako Ospitalera eraman zituzten (Huesca). Autopsiak nahi baino beranduago hasi zituzten, gorpuak izoztuta baitzeuden. Bi mendizaleen gorpuak gaur ekarriko dituzte Euskal Herrira, eta gaur emango diete azken agurra jaioterrietan.J.A.A. Villabonako (Gipuzkoa) Aizkardi mendi taldeko kidea zen, eta U.O.O., berriz, Andoaingo Euskaldunakoa. Senideek atzo nabarmendu zutenez, bi mendizaleek eskarmentu handia zuten, ondo ezagutzen zituzten Pirinioak eta mendian oso zuhur jokatzen zuten.Bestalde, Espainiako Guardia Zibilak 32 urteko mendizale euskaldun bat erreskatatu zuen herenegun Europako Mendietan (Asturias, Espainia). Erori egin zen eta orkatilan min hartu zuen. Mugitu ezinik geratu zen.
Aurten hildako mendizaleak
Asteburuan hildako bi mendizaleez gain, Euskal Herriko beste hamabost mendizale hil dira aurten mendian: Euskal Herrian (4), Pirinioetako Espainiako zatian (6), Frantziakoan (1), Kantabrian (3) eta Asturiasko Europako Mendietan (1).
URTARRILA
15: Gasteizko 31 urteko mendizale bat hil zen Tortiellas-Aspe amildegian erorita (Huesca, Espainia).
MARTXOA
24: Portugaleteko (Bizkaia) 55 urteko mendizale bat hil zen Arredondoko (Kantabria, Espainia) Peñas Rocias haitzetan; berrehun metroko altueratik erori zen.Egun berean Bilboko 36 urteko mendizale bat hil zen mendian zela, Anson (Huesca, Espainia). Erreskate taldeek autopsia egin aurretik adierazi zutenez, berez hil zen mendizalea.25: Oñatiko (Gipuzkoa) 23 urteko mendizale bat hil zen Aspe tontorrean (Huesca, Espainia); harri batzuk gainera erori zitzaizkion.
MAIATZA
1: Gernikako (Bizkaia) 32 urteko mendizale bat hil zen Mañariko (Bizkaia) Mugarra mendian. Hildakoa mendiaren iparraldeko hegalean aurkitu zuten, erorita. 15: Donostiako 58 urteko mendizale bat hil zen Poblacionesko (Kantabria, Espainia) Praon de Tisiendo mendian erorita. Mendizalea 50 metroko elurgune batean irristatu eta behera erori zen.
EKAINA
9: Oñatiko (Gipuzkoa) 43 urteko mendizale bat hil zen Tozal de Guaran, Guarako mendilerroan (Huesca, Espainia). Mendizalea bihotzekoaren ondorioz hil zela ondorioztatu zuten.18: Barakaldoko (Bizkaia) 42 urteko mendizale bat hil zen Torrecedero mendian (Asturias, Espainian), Europako Mendietan. Ehun metroko amildegi batetik erori zen.23: Arrasateko (Gipuzkoa) 27 urteko mendizale bat hil zen Palas mendian (Huesca, Espainia). Mendiaren Ledormeur tximiniatik behera amildu zen. 25: Iturmendiko eta Altsasuko (Nafarroa) 31 urteko bi mendizale hil ziren Beriain mendian (Nafarroa), Andia mendikatean. Mendian behera amilduta hil ziren.
ABUZTUA
28: Lizarrako (Nafarroa) 32 urteko mendizale bat hil zen Posets mendian (Huesca, Espainia). Mendizalea 11:00ak aldera iritsi zen Posets mendi tontorrera, eta behera bidean erori egin zen.
IRAILA
3: Bilboko 29 urteko mendizale bat hil zen Vignemalen (Pirinio Garaiak, Frantzia), eskalatzen ari zela, harri batek jota.
AZAROA
12: Portugaleteko 27 urteko mendizale bat erori eta kolpearen ondorioz hil egin zen Ramales de la Victoria herriko San Vicente mendian (Kantabria, Espainia).20: Ertzaintzak hilda aurkitu zuen Toloño mendilerroan (Araba) desagertu zen Bilboko 51 urteko mendizale bat. Mendizalea amildu egin zela uste dute.