Baionako Herriko Etxeko iturriek agertu dutenez, igande goizeko seiak aldera 23 urteko neska gazte bat, Bordele (Frantzia) ondokoa, bortxatu zuten hainbat gizonezkoren artean. Geltoki inguruan jazo zen eraso hori.
Beste neska gazte bat, 16 urtekoa, Bretainiakoa, eraso mota beraren biktima izan zen gau berean. Hasieran bestelakorik zabaldu bada ere, Bainako prokuradoreak agertu zuenez gizonezko bakarrak bortxatu zuen neskato hori. Igande goizean Baiona erdi aldean aurkitu zuten suhiltzaileek, noraezean, ondoez fisiko eta psikiko handiaren arrastoak nabari zitzaizkiola. Jaso, eta Kostaldek Ospitalera eraman zuten. Aipatutako iturrien arabera, neskato horrek kolpe psikologiko handia jasan du, eta adingabekoen brigadak egin beharreko deklarazio hartzea gaitza izango dela aurreikusten dute.
Orain arte ez dute bortxaketa batekin zein bestearekin zerikusirik lukeen inor atxilotu. Gainera, prokuradoreak adierazi du horrelako sexu erasoetan egilea harrapatzea zaila izaten dela: iaz bost bortxaketa salaketa jarri zituzten Baionako festetan, eta bakar batean ere ez dute bortxatzailea atzeman.
Elkarretaratzea erasoak salatzeko
Eraso Sexisten aurkako Kolektiboak kanpaina zabala egin du aurten Baionako jaietan gehiegikeria mota hori eragozteko. Hala, ostatu eta festa gune askotan jarri dituzte sexu erasoen aurkako afixak. Haatik gertatu egin dira. Hain justu, bi bortxaketa horiek salatzeko elkarretaratzea antolatu du aipatutako kolektiboak: bihar arratsaldean egingo dute, 18:30etan, Herriko Etxearen aitzinean.
Emakumeen kontrako indarkeria