Bi gizonezko hil dira auto istripu batean, Beriainen

24 urteko beste gizon bat oso larri zauritu da istripuan; autoak hormigoizko pareta bat jo du. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak errepidean «erantzukizunez» jokatzeko eskatu du, jaiak hastear baitira foru erkidegoko hainbat herritan.

Foruzain batzuk errepidean. VILLAR LOPEZ / EFE
Foruzain batzuk errepidean. VILLAR LOPEZ / EFE
Julen Urrestarazu
2026ko abuztuaren 14a
08:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

38 urteko gizon bat eta 23 urteko beste bat hil dira bart Beriainen (Nafarroa), auto istripu baten ondorioz, eta 24 urteko beste gizon bat larri dago. Autoak etxe bateko hormigoizko pareta bat jo du 23:45ean, Idiazelaia kalean, eta gidaria eta kopilotua bertan hil dira.

Medikuak, anbulantzia bat eta suhiltzaileak joan dira ezbeharra izan den lekura, eta bi gizonak hilak zirela egiaztatu dute. Larri zauritutako bidaiaria Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman dute, eta han ospitaleratu, politraumatismo oso larriak dituela eta. 

Bi gorpuak Auzitegi Medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Nafarroako Institutura eraman dituzte, autopsia egiteko. Foruzaingoa istripua ikertzen ari da.

Etxera onik itzultzea

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak deitoratu du bi pertsona hil izana bart Beriainen izandako auto istripuan; «erantzukizunez» jokatzeko deia egin die herritarrei, jaiak hastear baitira foru erkidegoko hainbat herritan. Ospitaleratu dutena «oso larri» dagoela jakinarazi du.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Txibitek hau esan du: «Bigarren mailako errepideetatik egiten diren joan-etorri laburrez gehiegi fidatzen gara». Nafarroako hainbat herritan jaiak hastear direla, ohartarazi du ospatzea eta autoa erabiltzea ez direla bateragarriak, eta gogorarazi Jaia itzultzea da lelopeko kanpaina abian duela Nafarroako Gobernuko Trafiko Zerbitzuak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA