Elikadura eta Nutrizio Segurtasunaren Espainiako Agentziak ohartarazi du intoxikazio kasuak izan direla Leringo (Nafarroa) kontserba etxean ontziratutako onddo frijitu batzuk jan dituztenen artean. Emandako informazioaren arabera, estafilokokoen toxinak atzeman dira onddoetan, eta horiek eragin diete oinazea kontsumitzaileei. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman dio horien berri agentziari. Bi pertsona intoxikatu dira; ez dute zehaztu non izan diren.
Onddoak 'El Agricultor' markakoak dira, oliba oliotan frijituak dira, kristalezko ontzi batean sartuta daude, eta hau da sortaren zenbakia: 02/02/2021. Sorta horretako aleak dituzten herritarrei gomendatu diete ez ditzatela jan, eta itzul ditzatela dendetara.
Era berean, agentziak esan du produktu hori dagoeneko jan eta ezohiko sintomaren bat sumatu dutenek hobe dutela osasun etxeetan abisua eman. Intoxikazioarekin lotuak izan daitezkeen sintomak zerrendatu dituzte, herritarrei argibideak emate aldera. Hauek dira: goragalea, goitikoa, eta abdomeneko mina edo umiltzea.