SEXU ERASOAK

Bi salaketa eta atxilotu bat Iruñean, sexu erasoak direla eta

Biktimek salatu dutenez, ukituak egin zizkieten atzo, eta Poliziak gizon bat atxilotu du. Igandean beste bi salaketa egon ziren.

Ehunka pertsona Zarautzeko malekoian. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 10a
07:36
Entzun

Bi emakumeek erasoak salatu dituzte, eta haien eskura jarri dituzte udalaren orientazio baliabideak, atentzio judizial eta psikologikoa, eta halako kasuetarako udalak eskaintzen duen konpainia zerbitzua.

Atzo ere, beste bi salaketaren berri eman zuen Poliziak, ukituengatik berriz ere, eta Poliziak beste gizon bat atxilotu zuen sexu erasoak egitea egotzita. Sanferminak hasi zirenetik, zazpi salaketa egon dira sexu erasoengatik.

Bi kasuetan, Poliziak eta udalak era berean jokatu dute: Poliziak jazotakoaren berri eman dio goizero biltzen den Babes Zibilerako Batzordeari; izan ere, batzorde hori da sexu erasoei buruz informazio ofiziala ematen duen bakarra, eta erasoen aurkako protokoloa aktiba dezakeena. Iruñeko Udalak protokolo berria du sexu erasoei dagokienez, zeinaren helburua biktimak babestea den.

Sexu eraso bat larunbatean, Eibarren

27 urteko gizon bat atxilotu zuen Poliziak larunbatean, Eibarren, sexu eraso bat egitea egotzita. Biktimak esan zuenez, akusatua kalean hurreratu zitzaion, goizaldean, eta bera bortxatzen saiatu zen. 

04:30ean gertatu zen erasoa, biktima etxerako bidean zihoala. Salatu du gizona atzetik hurbildu zitzaiola, lurrera bota zuela eta lurrean zegoela bortxatzen saiatu zela. Emakumea ohiuka hasi zen laguntza eske, erasotzailearen kontra indar eginez. Azkenean, askatzeko gai izan zen, eta etxe atari batean babestu zen. Erasotzaileak ihes egin zuen. Biktimak Ertzaintzari deitu zion, eta patruila bat erasoa gertatu zen lekura bertaratu zen. Haiek biktimaz arduratu eta erietxera eraman zuten.

Larunbat arratsaldean, gizon bat atxilotu zuen Poliziak, sexu eraso hori egitea egotzita. Gaur goizean, epaitegiaren esku jarri dute, eta arratsaldeko ordu biak baino pixkat lehenago Martuteneko kartzelan sartu dute.

Gaur goizean, Eibarko Bozeramaile Batzordeak sexu erasoa gaitzesten duen deklarazio bat aurkeztu du.

Babes katea Zarautzen

Atzo eguerdian, babes katea egin zuten Zarautzen, azken bi asteetan gertatutako bi sexu erasoak salatzeko. Zarauzko Mugimendu Feministak deitu zuen mobilizaziora. Ehunka pertsona bildu ziren malekoian, irudikatzeko Zarautzen sexu erasoek ez dutela tokirik. Mugimendu feministako kideek nabarmendu dutenez, "ezinbestekoak dira herritarron arteko aliantzak egoera bidegabe honi aurre egiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.