Bi urte eta gero, Gorenaren zain

Maria Paz Benitoren azalpen arrazoitua jaso du Gorenak, eta fiskalari txostena eskatu dio erabakia hartu aurretik

Barcina atzo Erriberrin izan zen, San Pedroko elizaren dorrea zaharberritzeko obrak bisitatzen. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egun handietarako erabili ohi duen soineko gorriz jantzita,2011ko uztailaren 1ean presidente kargua hartu zuen Yolanda Barcinak. Lau legealditan jarraian arrakasta handiz Iruñeko alkate izan ostean, azkenik gobernurako jauzia egin zuen, eta hura haren egun handia zen. Bere diskurtsoan, krisiaren aurrean «errezeta magikorik gabe» aurkeztu zen. Bilduren presentziarekin, berriz, oso kezkatuta azaldu bazen ere, berez pozarren zegoen. Legealdi osoan gorabehera handirik gabe gobernatzeko gehiengo nahikoa ziurtatzen zion PSNk, eta Miguel Sanz UPNko aurreko presidentearen aurreikuspena betez gero krisiaren okerrena iraganda zegoela. Horregatik, ezin zezakeen susmatu ere egin zer-nolako etorkizuna zuen bere aurrean.

Egiazki, ez Barcinak ez beste inork ezin zezakeen antzeman UPNk bi hamarkadatan ezarritako erregimena kolokan egon zitekeela. 2011ko udaren bueltan, egoera ekonomikoa okertu ahala, lehen murrizketak etorri ziren, eta, urte baten buruan, PSNk gobernua utzi zuen. Zerikusi zuzena izan zuen Barcinaren okerrak. Roberto Jimenez gobernutik kanporatuta, nekez sal zezakeen PSNk gobernuan jarraituko zuela. Behin gehiengoa galduta, okerrena etortzeko zegoen.

Iazko martxoan Caixabankek Nafarroako Kutxa xurgatu ondotik, UPNk gai deseroso hura isiltasunaren bitartez saihestu nahi izan zuen. Ondotxo zekien Barcinak auzi hura bere aurka itzuli zitekeela, baina hainbat hilabetez isiltasunaren taktika horrek emaitzak eman zizkion. Alta, duela urtebete iritzi publikoaren aurrean aurkeztutako Kontuz elkartearen ikerketa lanak egoera irauli du, eta UPNren estrategia hori hankaz gora jarri du. CANen auzia orain epaitegietan da, eta UPNko agintarien buruko min nagusia bihurtu da.

Ikerketaren adarretako bat dieten auzia da, eta Maria Paz Benito instrukzio epailearen ikerketak jada ezagutzera eman ditu nondik norako nagusiak. Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Enrique Maiari eroskeria delitu zantzua antzeman eta egun inputatuta daude. Ekainaren 18an ikerketaren zirkulua itxi eta Barcina inputatzeko azalpen arrazoitua aurkeztu zion Auzitegi Gorenari. Presidentetzak forudun izatea ziurtatzen dio Barcinari, eta, horregatik, kosta ahala kosta eusten dio karguari. Epaileak argudio sendoak azaldu dizkio Auzitegi Gorenari, eta horrek jada esku artean du testua.

Lehenik eta behin, Gorenak fiskaltzari txostena eskatuko dio, eta, ondoren, auzia artxibatu edo ikertzen jarraitu erabaki beharko du. Bi urte eta gero, bere etorkizuna baldintzatuko duen erabaki horren zain dago Barcina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.