Iruñeko 4. Zigor Epaitegiak bi urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri dio 2016ko sanferminetan bortxatu zuten emakumearen argazki bat sare sozialetan zabaldu zuen gizonari. Zehazki, taldeko bortxaketa gertatzen ari zen momentuan ateratako argazki bat zabaldu zuen Valladolideko (Espainia) gizonezko batek 2017ko abenduaren 6an, Twitter sare sozialera igota. Argazkiarekin batera, biktimari salaketa faltsua jartzea egotzi, eta hura iraindu zuen akusatuak sare sozial horretan. Horregatik guztiagatik, zigortu egin du epaitegiak. Sekretuak ezagutarazteagatik eta integritate moralaren aurkako delitua egiteagatik ezarri dio espetxe zigorra. Zigor horretaz gain, 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, eta baita 4.680 euroko isuna ordaindu ere.
Bortxaketaren irudi hori auziaren sumarioko froga bat izan zen, eta hura zabaltzea debekatu zuen Nafarroako Auzitegiak. Epaitegiak orain zigortu duen gizonak, baina, argazkia zabaldu zuen 2017an; irudi hura hamasei bider zabaldu zuten sare sozialetan, eta, ondorioz, biktima identifikatzea lortu zuten askok.
Zigortutako gizonak ultraeskuineko ideologia dauka. 2015ean Democracia Nacional eskuin muturreko taldearen zerrendetan parte hartu zuen. Gaur egun, sare sozialetan idazten jarraitzen du.