Nafarroako Probintzia Auzitegiak bi urteko kartzela zigorra, 2.880 euroko isuna eta 40.000 euroko kalte ordaina ezarri dio gizon bati, emakume bati jazarri eta sexu erasoa egiteagatik. Epaiketa hilaren 10ean izan zen, eta erasotzaileak egindakoa aitortu zuen.Â
Sententziak jasotzen duenez, 2017an gertatu zen erasoa: emakumeak eta gizonak Iruñeko ikastetxe berera eramaten zituzten bakoitzaren seme-alabak, eta bertan ezagutu zuten elkar. Bikotekidea uzteko eskatu zion gizonak emakumeari, eta, andreak ezetz erantzun zionean, erasotzaileak mehatxu egin zion. 2020an, gizona emakumearen etxera joan zen, eta atea irekitzeko erran; emaztekiak ezetz erantzun bazion ere, azkenean atea ireki zion, eta gizonak emakumea lurrera bota eta eraso egin zion. Sexu erasoa egin eta gero, gainera, gizonak lanera jarraitzen zion emakumeari.
Akusazioak eta defentsak akordioa egin dute, eta erabaki hamabortz urtez erasotzailea ezinen dela emakumearekin mintzatu, ezta haregandik 50 metrora baino gutxiagora egon ere; gainera, zaintzapean aske egon beharko du bortz urtez. Egindako kalte moralengatik, 40.000 euro ordaindu beharko dizkio andreari —haietatik 20.000 euro ordaindu ditu dagoeneko—.
Salaketa Tuterako ospitalean
Tuterako (Nafarroa) ospitaleko BAME barne mediku egoiliar batek beste lankide baten kontrako salaketa aurkeztu du, larrialdietako guardia egiten ari zirela sexu erasoa egin ziolakoan. Cristina Fallaras eman du gertaera horren berri sare sozialetan, eta ustezko erasoa 2025eko otsailean izan zela zehaztu. Gehitu duenez, ordutik ona erasoa egotzitako gizona biktimaren «izen ona zikintzen aritu da, eta lankideek baztertu egin dute» emakumea, salaketa aurkezteagatik.
Nafarroako Foruzaingoaren aurrean ez ezik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ere salaketa aurkeztu zuen emakumeak 2025eko azaroan, Fallarasek azaldu duenez. Abenduan, ordea, zera erantzun zion Tuterako ospitaleko Profesionalen Zerbitzuak: ez zuela auzia sexu erasoen ikerketa batzordera bideratuko, «froga nahikoa ez baitzegoen». Kasua itxitzat eman zuten.
Osasun Departamentuko iturriek azaldu dutenez, une honetan salaketa penal bat dago gertakari horrengatik, eta, «beraz, gaia arlo horretan dago». «Egoeraren berri izan genuenean, Nafarroako Osasun Zerbitzuan zegoen prozedura abiatu zen, eta dagokion ikerketa egin zen. Gainera, kautelazko neurriak hartu ziren prozesuan, [ustezko erasotzaileak eta biktimak] asistentzia edo irakaskuntza jardueretan topo egin ez zezaten».
Atxilotu bat Gasteizen
Gasteizen, berriz, 30 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo arratsaldean udaltzaingoak, urruntze agindua urratzea egotzita. 17:30 aldera, udaltzainek ezagutzen zuten gizon bat ikusi zuten: emakume batengandik urruntzeko agindua du, eta, hain justu, emazteki horren etxetik hurbil zegoen, 100 metrora baino gutxiagora. Gizonak, polizietako bat ezagutu, eta alde egin zuen.Â
Udaltzainek, baina, ikusi zuten urruntze agindua indarrean zegoela oraindik, eta gizona identifikatu eta atxilotu zuten.Â