Finantzen zerbitzuan ari zen langilea, Angeluko Herriko Etxean (Lapurdi): zazpi urtez, hiru milioi euro ebatsi dizkio hiriari, eta diru hori azti kontsultak ordaintzeko eta Interneten finantza salerosketak egiteko gastatu. Atzo auzipetu zuten 53 urteko gizona, Baionako auzitegian, eta bost urteko kartzela zigorra ezarri, horietarik hiru gibelapenarekin. Hots, bi urteko kartzela zigorra bete beharko du, eta ebatsi duen dirua itzuli. Hamar egun ditu auziaren erabakiaz dei egiteko.
Auzipetuak fite onartu zituen gertatutakoak, eta abokatuak haren «mendekotasun patologikoa» azpimarratu zuen; gizonak berak azaldu zuen behin dirua galtzen hasirik etengabean diru hartu eta hartu aritu zela etengabean, zorrak ordaintzeko asmoz. «Engranajea» aipatu zuen bere egoera deskribatzeko. Halere, defentsak azalpen horiek gaitzetsi zituen, zigortuak «diru publikoa xahutu» duelako, taktika baten bidez xahutu ere, «sistemaren ahuleziak identifikaturik eta finantzen zuzendaria zelataturik».
Kartzela zigorra bete eta dirua itzultzeaz gain, 4.000 euro ordaindu beharko dizkio herriko etxeari, finantza zuzendariari eraginiko kalte moralagatik.