Bi urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, emakume bati sexu erasoak egiteagatik

Akusatuak erasoak onartu ditu, eta zigorra hitzartu egin dute fiskaltzak eta akusazio partikularrak.

jakes goikoetxea
2025eko ekainaren 30a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2023ko otsaileko gau batean gizon bat eta emakume bat lagun batzuen etxean egokitu ziren, festa gau baten ondoren, Donostian. Bi sofatan lo egin zuten. 08:00etan, emakumea esnatu zen, eta ikusi zuen gizona sexu eraso bat egiten ari zitzaiola. Geratzeko eskatu zion, eta etxeko beste gela batera ihes egin zuen. Bere burua edredoi batekin estali zuen, akusatuarengandik babesteko. Gizona emakumearen atzetik joan zen, eta beste sexu eraso bat egin zion, «emakumeak une oro gelditzeko esan bazion ere».

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizonari. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zigorra hitzartu dute. Gizonak onartu du emakumeari sexu erasoak egin zizkiola, eta aringarri gisa aplikatu diote egindako kaltea konpontzea, epaiketaren aurretik 15.000 euro ordaindu zituelako. Fiskaltzak hamar urteko kartzela eskatu zuen gizonarentzat.

Zigortuak ezingo du emakumearekin harremanetan jarri eta harengana gerturatu bost urtean. Ez du kartzelan sartu beharko. Espetxe zigorra bertan behera utzi dute, baldintza batekin: hurrengo bi urteetan deliturik ez egitea.

Atxilotuak Gasteizen eta Iruñean

Gasteizko Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu asteburuan, indarkeria matxista leporatuta. Ortziralean 34 urteko gizon bat atxilotu zuten, honako delitu hauek egitea egotzita: mehatxu larriak, jazarpena, irainak, derrigortze delitua eta indarkeria psikikoa. Larunbatean, berriz, 38 urteko gizon bat atxilotu zuten, bere pisukideari sexu erasoa egitea egotzita. Atzo 23 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekideari eraso egitea egotzita.

Iruñean bertze hiru gizon atxilotu dituzte asteburuan, horiek ere indarkeria matxista egotzita. Ostiral eguerdian Buztintxuri auzoan 44 urteko gizon bat atxilotu zuen udaltzaingoak, bikotekideari kalean eraso egiteagatik. Herritar batek erasoa ikusi zuen, eta hark abisatu zuen Polizia. Larunbatetik igandera bitarteko gauean, berriz, Antoniutti parkean 38 urteko gizon batek bere bikotekidea lurrera bota eta ostikoak eman zizkion, lekuko batek Poliziari adierazi zionez. Gizona atxilotu egin zuten. Igandean atxilotu zuten hirugarrena: 78 urteko gizon bati egozten diote bikotekideari eraso egin eta harekiko jokabide iraingarria izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.