Nafarroako Probintzia Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra eta 3.000 euroko isuna ezarri dizkio gizon bati, 16 urteko neska bati «sexu abusua» egiteagatik. Soilik baietz da baietz legea indarrean sartu aurretik izan zen erasoa, eta orduko zigor kodea aplikatu diote; horregatik egotzi diote abusua, nahiz eta egun delitu hori desagertua den, onespenik gabeko sexu jardun oro erasotzat hartzen delako. Bi aldeen arteko akordio baten ondorio izan da ebazpena, eta erasotzaileak hiru urte egin beharko ditu zaintzapean aske. Erasoa 2022ko apirilean izan zen, eta erasotzailea epaiketaren egunean irten zen espetxetik —aurtengo irailaren 24an—. Prozesuaren atzerapen «bidegabe» hori aringarri izan da erasotzailearentzat, baita droga mendekotasuna eta kaltea erreparatzeko borondatea ere.
Erasotzailea eta biktima lagunak ziren, eta gau hartan emakumeak erasotzailearen etxean lo egin zuen. Erasotzaileak lo zegoela egin zion eraso: biluztu egin zuen, eta bortxatu. Orduan, biktima esnatu egin zen, eta gainetik kendu zuen gizona. Epaiaren arabera, erasotzaileak «bere funtzio intelektualak arinki kaltetuak» zituen droga eta alkohol kontsumoarengatik, eta barkamena eskatu zion biktimari.
Erasotzaileak 2.000 euroko berme bat jarri zuen biktimari eragindako kaltearengatik. Auzibidea, baina, oso luzea izan da, eta eten ugari izan ditu, «akusatuari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik». Zehazki, 2022ko urriaren 24tik 2023ko irailaren 15era arte, eta ordutik 2024ko martxoaren 24ra arte. Orduantxe eskatu zuen defentsak auzibidea azkartu zedila.
Epaiaren arabera, erasotzaileak beste mila euro ordaindu beharko dizkio biktimari, eta hiru urtez zaintzapean aske egon. Era berean, zortzi urteko urruntze agindua bete beharko du —ezingo da biktimarengandik 300 metrora baino gutxiagora egon—, sexu heziketako ikastaroak egin, eta droga mendekotasuna sendatzeko programa batean parte hartu.