Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ontzat eman du Amalur Mendizabalen defentsak —Iñigo Iruin abokatuak— eta fiskalak egindako bi urteko zigor eskaera, eta, horretaz gain, bi urtean brigada mugikorrean aritzeko debekua ere ezarri diote auzipetutako ertzainari. Bide batez, 3.600 euroren kalte-ordainak eman beharko dizkio zaurituari.
2013ko irailaren 30ean gertatu zen erasoa, Herrira euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren aurkako operazioan. Amaiurreko senataria zen orduan Mendizabal. Guardia Zibila elkartearen Hernaniko egoitzara sartu zen, eta Ertzaintzak hartu zituen inguruak. Bereziki, bi kaletan bildu ziren protestara joandakoak: Kale Nagusian eta Urbieta kalean, eta Ertzaintzak indarrez sakabanatu zituen.Manifestarien eta polizien arteko liskarrak soilik Kale Nagusian izan ziren, ez Urbieta kalean, eta han zen Mendizabal. Ertzainak buruan jo zuenean, emakume bat babesten ari zen, eta senatari txartela zuen eskuan. Bost zentimetroko ebakia egin zion borra kolpeak, eta zortzi puntu eman zizkioten.
Epaiketan, Mendizabal jotzeaz akusatutako poliziak aitortu zuen borra erabili zuela. Haren esanetan, indarra erabiltzea «beharrezkoa» izan zen une horretan, baina ukatu zuen bera izan zela zaurien egilea. Ordea, Mendizabalek azpimarratu zuen kolpea hartu aurretik ez zela izan inolako liskarrik bera zegoen tokian, eta berretsi zuen ertzain hori izan zela bera zauritu zuena.
Epaian nabarmentzen denez, gertaturikoari buruzko bideo bat egon izana erabakigarria izan da epaimahaiaren erabakian, bi bertsio kontrajarrien artean erabaki bat hartzeko. Interneteko Youtube plataforman dago bideoa—bost minutu irauten du—. Epaiketan ikusi egin zuten, eta horren gainean Ertzaintzaren Unitate Zientifikoak eginiko beste bideo bat, non puntu zuri baten bidez une oro azaltzen den identifikatuta auzipetutako ertzaina, eta, beraz, hark egindako mugimendu guztiak eta baita Mendizabal zegoen kaleko giroa ere.
Hori aztertuta, epaimahaiaren esanetan, ertzainaren jokabidea «justifikaezina» eta «zuzenbidearen kontrakoa» izan zen. «Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko polizia profesional bat da: antzeko egoeretan jarduteko prestatua egon behar du», dio epaimahaiak. Horrekin batera, nabarmentzen du Mendizabalen jarrera ez zela oldarkorra izan, bera zegoen tokian ez zela liskarrik egon, eta identifikatu egin zela.
Hura jo eta egun batzuetara, ertzainari espedientea ireki zion Segurtasun Sailak. Estefania Beltran de Heredia sailburuak adierazi zuen litekeena zela ertzain horrek indarra «modu desegokian» erabili izana. Epaiaren ondorioz, zigortuak ez du espetxera joan beharko, baina bi urteko inhabilitazioa izango du, eta erabakiak barne erregimenean bestelako ondorio batzuk izango lituzke.
Bi urteko zigorra Mendizabal senataria jo zuen ertzainari
Epaimahaiak dio «justifikaezina» izan zela haren jarrera. Herrira-ren operazioaren kontrako protestetan parte hartu zutenei oldartu zitzaien

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu