Italia eta Frantzia arteko lurrak astindu zituen lurrikara handi batek 1887ko martxoan, eta bertako bizilagunek ikusi zuten itsasoaren maila bat-batean metro batez jaisten, eta berehala bi metroz igotzen. Urte bereko abenduan presidente berria izendatu zuten Frantzian, gizon mehetxo bat, ez handia ez txikia, bizar belzduna. Presidente honek, Sadi Carnotek, izendatu zuen lehen ministro Charles Floquet, Donibane Garaziko Etxeberri anderearen seme errepublikazalea. Ez zuen bakerik izan agintean egin zituen hamar hilabeteetan. Ezpata duelua ere egin behar izan zuen oposizio buruarekin, Georges Boulanger populistarekin. Onik atera zen, aurkariak baino zauri arinagoekin. Floquet gorriaren lehengusu xuriak, Louis Etxeberrik, Eskualduna aldizkariaren sortzaile eta lehen zuzendariak, 1889ko hauteskundeetan Henry Berdoly gorriaren aurkako buruz burukoa ozta-ozta irabazi zuen Mauleko barrutian. Frantziako Ganbera legegileak, ordea, baliogabetu egin zuen hautaketa, kanpainan apezek izan zuten esku hartzeagatik. 1890ean berriro nagusitu zen. Urte berean, Ortzaizeko apeza epaitu eta zigortu zuten Donapaleuko Auzitegian, pulpitutik gobernu errepublikazalea iraintzea leporatuta. Beste apaiz batzuk zigortuak zituzten urrutiagoko epaitegietan euren barnetegiko haurrei egindako lizunkeriengatik, emandako tratu ankerragatik. Bitartean, Parisen, Sena ibaiaren ertzean burdinazko dorre erraldoi bat eraikitzen ari ziren, hirurehun metroko garaiera izango omen zuena obra bukatzean. 1890eko maiatzaren lehenean, Europako beste hainbat hiritan bezala Parisen, mobilizazio deialdi berritzaile bati erantzunez langile multzo handi bat kalera irten zen, haietako batzuk ganibetez eta makilez armaturik. Egun bakoitzeko lana zortzi orenetara gutxitua izan zedin besterik ez zuten eskatzen, baina eguna ez zen ongi bukatu. Hazparnen, 1893ko herriko festetan, batzuk ez ziren konforme koblakarien sariketan bi emakumezko nagusitu zirelako: Aña Deabrua eta Mariana Hargain. Hurrengo urteko abuztuan, Baionako zezen plaza gainezka, adardunen aurrean dotore aritu ziren Cara Ancha eta Guerrita famatuak. Aste batzuk lehenago, Sante Geronimo Caserio italiarrak Sadi Carnot presidentea hil zuen, labankada batez, Lyonen. Gillotinaren aizkora handia lepo gainera zetorkionean, oihua garbi entzun zen plazan: «Biba anarkia, kamaradak!».
Le Réveil Basque aldizkariaren irakurleek horren guztiaren berri jaso ahal izan zuten, euskaraz, ordura arte beste inork egin ez zuen moduan munduaren berri euskaraz astero ematen hasia baitzen kazeta errepublikarra, 1886ko udan sortu zenetik. Ez zen euskarari tokia egin zion lehen komunikabidea izan, baina bai kazetaritza euskaraz astez aste eta iraupen esanguratsu batez egin zuen lehena.
Hedabide batean euskaraz argitaratutako lehen testu ezaguna askoz lehenagokoa da, 1834koa: Donostiako El Correo del Norte kazeta liberalean plazaratu zen. Testu isolatu bat da, herrialdeko agintari liberal berrien aldeko aldarri politikoa.
1848koa da euskara hutsean argitaratutako lehen hedabidea, Agosti Xahoren Uscal Herrico Gaseta, baina launa orrialdeko bi zenbaki baino ez ziren plazaratu. Baionan argitaratua, propaganda politikorako tresna izan zen gehienbat, Xahoren hauteskunde helburuei estuki lotua, nahiz eta albisteak ere argitaratu zituen, propaganda politikoko testu luzeagoen ondoan.
XIX. mende erdialdetik aurrera argitaratu ziren urtean behingo almanaketako batzuek informaziodun testu dibulgatzaileak plazaratu izan zituzten, hala nola agintari berriei edota instituzio politikoei buruzko azalpenak, baina ez zen kazetaritza. Gehiago ziren laborarientzat urte osoan zehar baliagarri edo irakurgarri izan zitezkeen informazioen eta testuen hedatzaile (urtaroak, eguraldia, azokak, aholkuak, festen eta azoken egutegia, bertsoak, kontakizunak, atsotitzak…), informazio emaile baino.
XIX. mende bukaeran diasporako euskal etxeetan argitaratzen hasiak ziren aldizkariak gaztelaniaz ziren ia osorik, nahiz eta sorkuntza testu batzuk argitaratzen ziren euskaraz. Ez ziren, gainera, informazio orokorreko argitalpenak, euskal etxeen dinamikarekin oso lotuta zeuden elkarte-aldizkariak baizik.
1876ko Foruen galeren osteko Euskal Pizkundeak euskal aldizkari kultural eta literarioen loratzea ekarri zuen. Horien artean nabarmentzekoa da Jose Manterolaren Euskal-Erria hamabostekaria (Donostia, 1880-1918), gehienbat gaztelaniaz argitaratuagatik euskarazko kazetaritza lan esanguratsu batzuk ere argitaratu zituelako. Euskarazko lehenengo kronikak aldizkari honetan argitaratu zituen Klaudio Otaegi idazleak, Hondarribian maisu zelarik, 1880 eta 1887 artean. Baina Euskal-Erria ez zen informazio orokorreko aldizkaria, kulturakoa baizik. Salbuespenak ziren kazetaritza testuak, eta askoz arreta handiagoa eskaini zien ikerketari, dibulgazioari eta sorkuntzari. Giro honetan sortutako beste kultur aldizkarietan ere gaztelania zen nagusi, eta are toki txikiagoa eskaini zieten euskarazko testuei, batere eskaini bazieten.
Le Réveil Basque sortu baino lehentxeago argitaratu zen, Los Angelesen, Escualdun Gazeta euskara hutseko astekaria, Martin V. Bizkailuz abokatuaren eskutik, baina hiru zenbaki baino ez zituen plazaratu 1885eko abendua eta 1886ko urtarrilaren artean. Aurrekari garrantzitsua izan zen, edukien kalitatea gorabehera kazetaritza eredu informatzailea egin baitzuen; baina ibilbide laburregia izan zuen ondoren etorriko zirenen parean jartzeko. Ez da California’ko Eskual Herria-ren kasua: euskal-amerikar komunitateko kideei zuzendutako produktu informatiboak sei urteko ibilbide oparoa egin zuen Jean Pierre Goytinoren eskutik, arrakastaz (1893-1898). Mugarri bat izan zen euskarazko kazetaritzaren abiatze garai honetan. Jaio zenerako Le Réveil Basque-k zazpi urte zeramatzan asteroko informazioa euskaraz lantzen.