Bidasoa ibaia (Gipuzkoa) zeharkatzen ari zen migratzaile bat hil da. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, Irundik abiatuta Biriatura (Lapurdi) heltzeko ahaleginean ari zen pertsona hori, beste batekin batera. Lagun hori Lapurdira heldu da. Bestea, ordea, Jaurlaritzaren oharrak dioenez, uretara sartu eta berehala hondoratu da. Gertatutakoa salatzeko, gaur elkarretaratzera deitu du Irungo Harrera Sareak: 19:00etarako, San Juan plazan.
Pertsona migratzaile bat hil da Irun eta Biriatu arteko muga igerian pasatzen saiatzerakoan.
— Irungo Harrera Sarea (@IrungoHS) August 9, 2021
Migrazio-politika arrazisten erruz hildako hirugarren migrantea da.
ELKARTARATZEA gaur Irunen pic.twitter.com/a3MHlQeR78
09:45 inguruan ito da pertsona hori. Oharrean adierazi dutenez, lekuko batek laguntzeko asmoarekin uretara jauzi egin du bi pertsona horiek ikusi dituenean, baina ur-lasterraren indarra zela-eta lehorrera itzuli behar izan du atzera.
SOS Deietara deitu dute, eta jarraian Ertzaintzako agenteak, Gurutze Gorrikoak eta suhiltzaileak joan dira gertakarien lekura. Handik gutxira agertu da uretan hildakoaren gorpua. Uretatik atera dute, baina ezin izan dute bere onera ekarri.
Hildakoa nor zen argitzeko ikerketa bat hasi du Ertzaintzak. Oraindik ez dute identifikatu.
Joan den maiatzean etorkin bat hil zen Bidasoa ibaian, ustez itota. Eta hilabete bat lehenago, jatorri eritrearreko gazte baten gorpua topatu zuten Irunen, Bidasoa ibaian. Jaurlaritzaren arabera, bere buruaz beste egin zuen.
Etorkinen eskubideak bermatuak izan daitezen eskatzeko, joan den maiatzaren 29an manifestazio bat egin zuten Irundik eta Hendaiatik abiatuta. Irungo Harrera Sareak eta Diakite, La Cimade eta Etorkinekin elkarteek deitu zuten, eta, hain esanetan, 3.000 lagun bildu zituen mobilizazioak.
«Ez da ustekabeko bat»
Irungo Harrera Sareko bozeramaile Anaitze Agirrek ohartarazi du gertatutakoa ez dela «ustekabeko bat» eta «erantzule batzuk» dituela. Gertatutakoaren harira SER irrati kateari emandako elkarrizketa batean eskatu die instituzioei «ahalegin gehiago» egin ditzatela harrera egitean, «eskubide urraketa egoeran dauden pertsonak babestea baita auzia».
«Badakigu Frantziari eta Europako Batasunari ez zaizkiela inporta migratzaileak, eta hain bizitza zein eskubideak. Gure instituzioek gure gizartearen mailan egon behar dute, zein harrera egitekoa eta solidarioa den», azpimarratu du Agirrek. Haren iritziz, migratzaileak ez dituzte «pertsona moduan» tratatzen. «Giza eskubideetan jarri behar da azpimarra. Horrek esan nahi du bide seguruak edukitzea, pertsona horiek bidaiatu dezaten hiltzeko arriskurik gabe». Ohar bat kaleratu du harrera sareak, eta eskatu die erakundeei hildako migratzailea ez dadila bihurtu «izenik gabeko» gorpu bat. «Ez dadila egon bere senideari gertatu zaionaren berri emango ez zaion familiarik».
«Guk, gure hurbileko erakundeei esaten diegu, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak osatzen duten Erakunde arteko Harrera Mahaiari, ahaleginak areagotu ditzatela eta harrera duina aplika dezatela», nabarmendu du sareak ohar batean.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak gertatutakoarengatik «atsekabea» agertu du, komunikatu baten bidez. Adierazi du iruditzen zaiola «injustizia» egoera baten «ondorio zuzena» dela. Ahaldun nagusiak esan du «premiazkoa» dela «konpartitutako elkartasun bat», gertatutakoa berriro gerta ez dadin. «Pertsona migratzaileen errealitateari heldu behar zaio giza eskubideak, elkartasuna eta giza duintasuna hertsiki errespetatuz»
Eusko Jaurlaritzak ere «atsekabea» agertu du. «Aukera bat bilatzeko ahaleginean pertsona batek bere bizitza galtzea... zirrara eragiten du», esan du Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak. «Gertatu dena porrot kolektibo bat da, gizarte moduan». Iruditzen zaio «premiazkoa» dela migratzaileek «igarotze seguruak» egin ahal izatea.
Jose Antonio Santano Irungo alkateak Twitterreko bere kontuan idatzi duenez, Europako Batasunak ezin du «ez jakinarena» egin daukan erantzukizuna edukita.