Herri oso baten harrera xede

'Euskal Herria, harrera herria' lelopean, manifestazio bat egin dute Irundik eta Hendaiatik abiatuta. Inguruan hildako migratzaileak gogoan, haien eskubideak bermatzeko eskatu dute.

Migratzaileen defentsan egindako manifestazioa, atzo, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Irun
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun

«Pertsona baten bizia da; ez gara migratzaile batez hitz egiten ari, pertsona baten galeraz hitz egiten ari gara».Beste migratzaile baten hitzak dira, Ibrahima Diallorenak, iragan den larunbatean Irundik (Gipuzkoa) Hendaiara (Lapurdi) igarotzen ari zen migratzaileari buruz atzo esandakoak. Euskal Herria, harrera herria lelopean, manifestazioa egin zuten Irundik eta Hendaiatik bi herriak batzen dituen Santiago zubira, Irungo Harrera Sareak eta Diakite, La Cimade eta Etorkinekin elkarteek deituta. Antolatzaileen arabera, 3.000 lagun bildu ziren migratzaileen eskubideen alde.

[Youtube]https://youtu.be/BBdRrFBIfp4[/Youtube]

 

Irungo zutabean, pankartari eusten zihoan Diallo, eta bertan izateko arrazoiak argi zituen: «Borrokara etorri gara, mugan gertatzen ari dena salatzera». Badaki zer den migratzea, Guineatik etorri baitzen Euskal Herrira. Azaldu zuenez, muga «hogei aldiz»saiatu zen gurutzatzen, baina itzularazi egiten zuten. Horregatik, muga «lasai gurutzatzeko aukera» izan behar dutela azpimarratu zuen. Bereizketak alde batera uztea ere nahi du: «Jendea beti ari da pentsatzen beltza den edo zuria; printzipioz, gizakiak gara»

Europako agintariei nahiz euskal herritarrei zuzendu zitzaien Diallo. Lehenengoei esan zien kontuan hartzeko migratzaileak ez datozela «gustuz bakarrik»: «Batzuen bizitza mehatxupean dago euren herrialdeetan, eta horregatik gatoz hona». Bigarreneni, berriz, informatuta egoteko esan zien: «Ez dakit beraiek ez dakiten edo ez duten jakin nahi, baina niretzat gaur egun Afrikan, Asian edo Ameriketako Estatu Batuetan zer gertatzen ari den jakitea errazagoa da, Internet daukagulako».

Metro batzuk aurrerago zegoen Diadie Bea, Inor ez da ilegala jartzen zuen pankarta eskuan. Senegaldarra jaiotzez, zazpi bat urte daramatza Euskal Herrian. Pertsona guztiek eskubideak dituztela nabarmendu zuen, eta ez zuen ulertzen zergatik batzuei muga gurutzatzen uzten dieten eta beste batzuei ez: «Hemen bizi den pertsona guztiek daukate askatasuna nahi duten bezala mugitzeko»

«Eskubide guztiak denontzat» eta «arrazakeriak hil egitengaitu» oihuartean, batukada doinuek gidatu zituzten Irundik zihoazen manifestariak Irun eta Hendaia arteko Santiago zubiraino. Bertan batu ziren herri batetik eta bestetik zetozen zutabeak. Usu egoera bestelakoa bada ere, atzo ez zegoen Guardia Zibilaren edo jendarmeen kontrolik, eta guztiak elkarrekin gerturatu ziren Ficobaraino. Bertan, hainbat aldarriren berri eman zuten Oihana Galardik, Anaitze Agirrek eta Lutxi Bortairuk antolatzaileen izenean. «Gu leku askotan hartu izan gaituzten bezala, guk ere harrera berdina zor diegu hona datozenei».Horretarako, politikariei eta erakundeetako ordezkariei «euren zereginei ardurari»heltzeko eskatu zieten, lanari «serio eta erantzukizunez» heltzeko eta «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» «Entzun herritarrei eta jokatu besteek zuekin jokatzea nahiko zenuketen bezala, izan benetan herri honek merezi dituen ordezkariak eta erakutsi edonoren bizitzaren alde zaudela».

Harrera «duin» eske

«Benetako gizarte eta harrera politikak» beharrezkotzat jo dituzte: «Gizonak, emakumeak, haurrak... Gu bezalako pertsonak dira Poliziak eta politikek erasotzen eta ehizatzen dituztenak. Mamadou, Aicha, Ibrahim, Mardelle dira. Bizitza hobeago baten bila etortzea ez da delitua. Arriskutik ihesi datoz, bidaia luzea egin dute, eta harrera duin bat merezi dute». Gogoan izan zituzten duela astebete Bidasoako urtean itotako migratzailea eta duela hilabete bere buruaz beste egin zuena. «Yaya Bidasoan hil zen duela astebete. Orain hilabete bere buruaz beste egin zuen gaztearen izena ez dakigu, baina ez ditugu ahaztuko. Eta, batez ere, ezin dugu onartu beste inorhiltzea». Nabarmendu zuten migratzaileen heriotza ez dela normalizatu behar: «Ez duzue nahiko Bidasoa heriotza muga bihurtzea, ezta?».

Maialen Lujanbio bertsolariak eman zion bukaera manifestazioari. Hala aldarrikatu zuen bertsoz: «Europaren arazo al da nor jasoa?/ Ez al zaigu ahazten lehen han jazoa?/ Gerrak, arpilatzeak eta erasoa/ ondorioa dena ez da arazoa». Migratzaileen eskubideak bermatzeko eskatu zuen: «Dabiltzanen nor jasoa / dabiltzanen nor jasoa / eta eskubide osoa / denontzat bideak libre / eta bideetan pausua/ bideetan libre pausua / eta itsasora Bidasoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.