Aukera dago Irungo ospitalea mugaz gaindiko ospitale europarra bilakatzeko, osasun arreta integrala eskaintzeko mugaz gaindiko alde bietako herritarrei egokituta». EH Bilduk lehengo hilean Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako legez besteko proposamen batek halaxe dio. Bidasoa ESIko Ospitaleari buruz ari da; Gipuzkoan dago, Irunen, Lapurditik eta Nafarroatik oso hurbil, eta, hartara, «mugaz gaindi» jarduteko primerako zentroa dela argudiatu dute. Hain zuzen ere, 2010. urtean Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Akitaniaren arteko «mugaz gaindiko elkarlanerako» hitzarmena abian jarri zela gogorarazi dute, eta Donostia-Baiona ardatzean larrialdietarako arta hobetzeko urratsak egin badira ere, lehen pauso «positibo» horri atxikita, gehiago nahi dute. Katalunian bertan, esaterako, antzeko egitasmo bat martxan dagoela gogorarazi dute, eta egitasmo hura ikasbide hartuta, landu daitekeela Euskal Herrirako proposamen bat.
Lapurdiren eta Gipuzkoaren artean «kohesio maila handia dutela» gogorarazi dute koalizioko ordezkariek: «Egunerokotasunean harreman handia dago, eta zonaldeko herriak Hendaia-Irun-Hondarribiko kontsortzioko kideak dira, Euskadi-Akitania euroeskualdean». Primerako kokalekua ikusten dute, beraz, lanari ekiteko, eta Euskal Herri osorako sistemaren ernamuin nahi lukete urrats hori. Horregatik eskatu dute erietxe horri «mugaz gaindiko bokazioa» aitortzeko, eta lanari ekiteko lehenbailehen. Izan ere, «mugaz gaindiko» osasun bitartekoen elkarlana sakontzea ezinbestekoa izango da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamenduak badute elkarlan itun bat bi herrialdeen arteko mugan dauden pazienteen artarako; iazko urtarrilean izenpetu zuten bi gobernuetako ordezkariek, Bidasoa Ospitalean.
Osasun publikoa
Bidasoaldea: Euskal Herri osorako erietxe baten bila
Legez besteko proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, Bidasoko Ospitalea erietxe «europarra» bihurtzeko eta «mugaz gaindiko» biztanleei ere osasun arta integrala ematen hasteko. Ernamuin nahi lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu