«Bide bat da, baina ez araua»

Azkenaldian, Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak bi sententzia eman dituzte torturak era eraginkorrean ikertu beharraz. Jarrera aldaketa bat dago?

Torturaren aurkako manifestazioa Burlatan (Nafarroa), apirilean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRES.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Denbora gutxian, Espainiako auzitegiek bitan ebatzi dute euskal herritarrek salatutako torturak ez direla behar bezala ikertu. Uztailean, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zuen Auzitegi Nazionalaren zigor bat, uko egin ziolako Beatriz Etxebarriari Istanbulgo Protokoloarekin egindako froga onartzeari. Eta abuztuan jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Garazi Rodriguezen tortura salaketa berriz ikertzeko agindu duela, behar besteko diligentziarik egin gabe artxibatu zutelako. Jarrera aldaketa bat dago? Aurrerantzean ere hala jokatuko dute Espainiako auzitegiek? Hori asko esatea dela uste du TAT Torturaren Aurkako Taldeko abokatu Lorea Bilbaok: «Ireki da bide bat, baina ez da araua, inondik inora».

Datuak izan litezke Bilbaok dioenaren erakusle. Tantaka, baina lehenago ere izan dira gisa horretako epaiak Espainiako auzitegietan. Ez, asko, ordea; «arauaren» salbuespena izan direla esan liteke. Tortura salaketa judizialak gertaerak izan diren lekuko instrukzio auzitegiek aztertu ohi dituzte —gehienak, Madrilgoek—, eta gehien-gehienak artxibatu egiten dituzte epaiketara heldu baino lehen. «Ikusiz gero behar beste ikertu gabe itxi dutela auzi bat, elementuak badaudela aurrera jotzeko, Konstituzionalera joan ohi gara, handik Estrasburgoko auzitegira jo ahal izateko», azaldu du TATekoak.

AUZITEGI KONSTITUZIONALA

Azken urteetan, kasuen gutxiengoa izan da onartua

Konstituzionalak 2008an eman zuen Rodriguezen kasuaren antzeko sententzia bat: ebatzi zuen ez zela modu «eraginkorrean» ikertu Alberto Biedmaren salaketa, eta hura berriz ikertzeko agindu zuen. Urte hartan bertan, erabaki bera hartu zuen Mikel Sotoren eta Patxi Ruizen kasuan ere —operazio berean atxilotu zituzten hirurak—. Urte hartatik, TATen datuen arabera, 40 bat aldiz jo dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalera, baina torturak salatu dituztenen aldeko beste lau sententzia soilik izan dira: Sara Majarenasena (2010), Ruben Villarena (2012), Mikel Beunzarena (2013) eta Garazi Rodriguezena (2016).

Konstituzionalera jo arren, urteak pasatu litezke epaileek erabakiren bat hartzerako. Irati Mujikaren kasua, esaterako, 2013ko apirilean eraman zuten Konstituzionalera TATekoek, eta ebazpenaren zain daude oraindik. Denera, lau salaketa daude egoera berean: Mujikarena, Euken Villasanterena —2014an jo zuen Konstituzionalera—, Iñigo Gonzalezena (2015) eta Eneko Compainsena (2016). Denborarena ez da datu hutsala: ikerketa eraginkorra izateko, nazioarteko erakundeek garrantzia ematen diote «arrazoizko tarte batean» egiteari.

ESTRASBURGOREN ERAGINA

«Ikusi dute Estrasburgon eskaera gehiegi zeudela»

Kausa-efektu harreman zuzenik ezarri ezin den arren, deigarria da ikustea noizkoak diren Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiari jarritako zigorrak, eta noizkoak diren Espainiako auzitegien sententziak.

Estrasburgoko auzitegiak 2004an zigortu zuen Espainia lehen aldiz, 15 kataluniarrek salatutako kasuagatik. 1992an atxilotu zituzten, etaGuardia Zibilak esan zuen Terra Lliure taldeko kideak zirela. Euskal herritarrek salatutako kasuetan iritsi dira geroztik sententzia guztiak; aurrenekoa, 2010ean, Mikel San Argimiroren kasuan —2002an atxilotu zuten—. Ordutik, erreskadan etorri dira Espainiaren aurkako beste sei zigor, tortura salaketak ez ikertzeagatik. Azkena, Xabier Beortegiren kasuan, maiatzean.

Azken urteei erreparatuz gero, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2010etik aurrera eman ditu torturak behar bezala ez ikertzeagatiko sententzia gehienak: lau. «Ikusi dute Estrasburgon eskaera gehiegi daudela», esan du Bilbaok, Espainiako epaileen balizko jarrera aldaketan horrek eragina izan duelakoan: «Ez dakit jarrera aldaketa bat izan den, baina izan dena, Estrasburgon egindako lanarengatik izan da».

«Sententzia guztietan oinarritu dira Estrasburgoren epaietan, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan arrazoi ematen digutenik», ohartarazi du Bilbaok. Askotan, kasua aztertzen duten epaileen araberakoa izan daiteke erabaki bat edo bestea hartzea.

EPAITEGI ARRUNTAK

Diligentziak egin, behintzat

Konstituzionalera jo aurretik, instrukzio epaitegi arruntetanjartzen dira salaketak, eta han geratzen dira gehienak, gainera. Bilbaoren esanetan, horietan ere izan da jarrera aldaketa bat, azken urteekin alderatuta: «Epaitegi arruntetan nabaritu dut: diligentzia guztiak egiten hasi dira orain. Ez benetan zer gertatu den ikertzeko, baizik eta espedienteak betetzeko, baina tira. Lehen hori ere ez zuten egiten askotan. Hala ere, ez dago borondaterik torturen ikerketan sakontzeko».

GORENAREN ZIGORRAK

Azken zigor irmoak, aspaldiko kasuengatik

Azken hamarkadei erreparatuta, torturagatik jarritako zigor gutxi izan dira; bai, behintzat, salaketekin alderatuz gero. Eusko Jaurlaritzaren Tortura: 1960-2013 egitasmoan jasotako datuei erreparatu besterik ez dago: 21 sententzia irmo baino ez dira egon, denak 1985 eta 2003 artean. Gertakariak izan ziren garaiari begiratuta, are murritzagoa da tartea: hiru kasu kenduta, 1979 eta 1984 artean gertatutako torturengatik izan ziren zigor guztiak. Azkenengoa, 1992an gertatutako kasu batengatik.

Eusko Jaurlaritzaren ikerketak gutxienez 4.009 pertsonaren kasuak dokumentatu ditu oraingoz, 1960tik eta 2013 arterainokoak; gehienak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrenak.

TORTURA ETA EPAIKETAK

BBBAUZIAK BALIOGABETZEAZ

Eusko Jaurlaritzak oraindik ez ditu eman torturari buruzko ikerketa horren azken ondorioak; urte amaierarako egin asmo dute. Baina, aurreratutako datuak ikusita, Egiari Zor fundazioak, adibidez, adierazi zuen torturak salatu diren auziak berrikusi behar lirakeela. Uneotan, Nekane Txaparteiren kasua izan liteke adierazgarrienetakoa. Suitzan dute preso, eta hango gobernuak erabaki behar du Espainiaren estradizioa onartu ala ez. OMCT Torturaren Aurkako Mundu Erakundearen ustez, «nahikoa zantzu» daude torturatu zutela esateko.

Espainiako Auzitegi Gorenak Beatriz Etxeberriaren auzian emandako sententziak «bidea irekitzeko» balio behar duela uste du Bilbaok ere, «oinarri gisa torturapean lortutako deklarazioak dituzten zigorren baliogabetzea bilatzeko».

AUZITEGI GORENA

Istanbulgo Protokoloari aitortutako garrantzia

Gorenak epaiketa berriz egiteko eskatu zuen, Auzitegi Nazionalean ez zutelako onartu Istanbulgo Protokoloarekin egindako froga bat. Ohar batean, hori kontuan hartzeko eskatu zuen JpD Jueces para la Democracia epaileen taldeak ere, eta gogora ekarri zuen Gorenak «kezkagarritzat» jo zuela Estrasburgoko auzitegiak Espainia zazpi aldiz zigortu izana torturak ez ikertzeagatik. «Eskandalutzat» jo zuten, gainera, ebazpen haren inguruan hedabideek izandako «isiltasuna».

Gorenaren ebazpenaz, auzipetuen abokatu Kepa Mantzisidorrek artikulu bat idatzi zuen Interneten, eta epaileek Istanbulgo Protokoloari eta NBE Nazio Batuen Erakundeak egindako gomendioei emandako garrantzia nabarmendu zuen. Hala ere, ohartarazi zuen CPT Torturaren Prebentziorako Batzordeak «inpunitatearen kultura» esaten dion hori dela nagusi Espainian: «Bateraezina da hori inkomunikazioarekin. Ikerketa bat dagoenean, eta torturengatik norbait zigortzen denean, zigorra pisu gutxikoa izan ohi da, eta, gainera, indultatu egiten dira zigortuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.