Bide lasterretik, bihotzeraino

Merkataritza proiektu handi bat aurkeztu dute Gasteizko Zabalgunerako, eta udala aztertzen ari da. Plana bizkortzeko akordioa dute sustatzaileak eta administrazioak.

Garaje Alava aparkalekuan lanak hasteko tramiteak hasi ditu sustatzaileak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Merkataritza egitasmo bat ari da aztertzen Gasteizko Udala hiriko Zabalgunerako. Gauzak «arin» egiteko konpromisoa dute udalak eta egitasmoaren sustatzaileak, Urteim sozietateak. Astelehenean aurkeztu zion enpresak proiektua udalari. Hirigintzako teknikariek aztertuko dute araudia betetzen duen, oniritzia ematen ote dioten zehazteko. Ez dago epe argirik horretarako. Dena den, «arin» kudeatu nahi dute dena.

Gasteizko Zabalguneko etxadi baten erdia hartzen du proiektuak: San Prudentzio, Dato eta Alava Jeneralaren kaleen artean dago. Etxadi horren barruan dauden zenbait eraikin ere hartzen ditu; barruko eraikin horiek lotzen dituzte aipatutako hiru kaleak. Are gehiago, etxadiaren barruan dagoen eraikin horietako bat da, iturri batzuek azaldu dutenez, proiektuaren «muinetako bat»: Garaje Alava aparkalekua.

Aparkalekuaren egitasmoa da, gaur-gaurkoz, aurreratuen dagoena. Urteim sozietateak obrak egiteko baimena eskatu dio Gasteizko Udalari. Proposatutako lanen xehetasunak ez dituzte ezagutarazi, baina proiektuaren arkitektoak, Adrian Laskibarrek, zertzelada nagusiak eman zituen Radio Vitorian. Garajeak hiru solairu ditu gaur egun. Urteim enpresaren asmoa da beheko solairua egokitzea dendak jartzeko, eta lehen eta bigarren solairuetako erabilerari eustea, baina azpiegiturak berrituta. Izan ere, «garai bateko irizpideen arabera» eginda dago azpiegitura. Hala azaldu zuen herenegun Alvaro Iturritxak, Gasteizko Hirigintza zinegotziak. Aldabe Auzogunean izan zen, auzokoei azalpenak ematen.

Araudiko alorrak, «linboan»

Aparkalekuarekin lotutako lanez gain, Urteimek baimena eskatu du etxadi barruko beste azpiegitura batzuk eraisteko; adibidez, San Prudentzio igerilekuak. Lan horiek egiterakoan bete beharreko araudiak eztabaida piztu du. «Aurretik gehiegizko erabilera eman zaio etxadiaren barrualdeari; gehiegi eraiki zuten», azaldu du Iturritxak. Gaur egungo araudiak ez luke baimenduko horrelakorik egitea, baina, udal ordezkariaren arabera, eraiki zutenean araudia errespetatu zutenez, sustatzaileak eskubidea du azpiegitura horiek mantentzeko.

Edonola ere, Iturritxak jakinarazi du erdibideko akordio bat lortu dutela. «Sustatzaileak uste du gertura daitekeela oraingo udal ordenantzan zehaztutakora, eta udalak lagunduko dio; hau da, uko egingo die legez dituen eskubide batzuei, araudia betetzera gerturatzeko». Eraitsitako espazioekin, 740 bat metro koadro geratuko dira eraiki gabe, arkitektoak azaldu duenez; libre utzi beharreko azalera portzentajera hurbilduko dira horrela —%25 da—.

Gasteizko udal gobernuak eta sustatzaileak helburua partekatzen dutela nabarmendu du Iturritxak. «Uste dugu proiektu horrek Zabalgunea biziberrituko duela, merkataritzaren bitartez bestelako ekintzak bideratuz».

Inguruko merkataritza elkarte nagusiak, Gasteiz On taldeak, ez du txarto ikusi asmoa. Ez du ontzat jo, ordea, proiektua gauzatu arteko prozesua. Urteimek azken urteetan erositako taberna eta denda gehienak itxita daude, eta inguru horren gainbehera areagotu egin da, merkataritza elkartearen esanetan. Beraz, prozesua bizkortzeko eskatu du, edo erdibideko erabaki bat har dezatela prozesua gauzatu artean: itxita dauden lokalak aloka ditzatela.

Bi urte dira proiektuaren berri eman zutela, betiere hedabideen bitartez. 2016tik gaur egun arte hainbat taberna, lokal eta denda erosi dituzte, eta horietako hainbat itxita egon dira harrezkero.

Informazio gutxi

Sustatzaileek proiektua udalean aurkeztu badute ere, oraingoz ez dago informazio askorik. Aparkalekuari dagozkion lanez gain, udalaren eta sustatzailearen arteko «konpromisoak» dira proiektuaren nondik norakoen lekuko: denden erakusleihoek kale aldera emango dute; arropa denda handientzako espazio zabalak izango ditu, bai eta txikiagoak ere, «hiriko negozioei» lekua egiteko; gutxienez taberna edo jatetxe bat izango du, San Prudentzio kalera begira... Azken konpromiso bat ere lotu dute Juan Maria Uriarte Urteim sozietateko buruak eta Gorka Urtaran alkateak: ez dute supermerkaturik jarriko, Urtaran alkate den artean behintzat. Egitasmoaren hastapenean aipatu zuten supermerkatu bat izango dela oinarria. Ordea, behin-behinean, aukera hori baztertu dute.

Auzoko herritarrek eta merkatariek kezka agertu dute proiektuaren etorkizunarekin: aurrera egingo ez balu, zer gertatuko litzateke? Iturritxak azaldu du gai horretan udalak ez duela zeresan handirik. «Eremu pribatuari dagokion zerbait da». Zehaztu du proiektua ez dela erdibidean geratuko: lanak amaituko dituztela.

Sozietateko buruak 82 urte ditu, eta, zerbait gertatuko balitzaio, haren fundazioak, Juan Maria Uriarte eta Odriozola fundazioak, hartuko luke lanak amaitzeko ardura, Iturritxaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.