Sanferminak

Bigarren entzierroa bizkorra eta garbia izan da

Atzo baino lasterkari gutxiagorekin, eta garrantzia gutxiko zauriekin korritu dute gaurko entzierroa. Cebada Gagoren zezenen aurreko lasterketak bi minutu eta 25 segundo iraun du.

2008ko uztailaren 8a
18:33
Entzun
Iruñeko sanferminen bigarren entzierroan zezenek soilik lagun bat adarkatu dute. Gainera, korrikalari batek belaunean min hartu du Telefonicako bihurgunean, baina mediku iturrien arabera, bi kasu horiek ez dira larriak izan.

Sei zezenek taldean egin dute ibilbide gehiena, eta halaxe sartu dira Udaletxeko plazan. Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunea ohiko eroriko eta txirristatzerik gabe egin dute.

Estafeta karrikara lau zezen aurretik eta beste bi atzerago zihoazela sartu dira. Hortxe gertatu dira eroriko eta zapalketa batzuk, baina garrantzi gutxikoak. Korrikalariek aise korrika egiteko aukera izan dute karrika horretan.

Entzierroaren azken txanpan, korrikalarietako bat erori da, zezenaren aitzinean, baina honek ez dio deus egin. Horiek hala, arazorik gabe sartu dira sei zezenak zezen plazara. 2.25 iraun du entzierroak.

Cebada Gagoren (Andaluzia, Espainia) zezenak arriskutsutzat dituzte, eta azken urteetan lasterketa biziak eta zauritu askorekin eragin arren, bai aurten bai iaz lasterketa garbiak eragin dituzte. Estatistikei so eginez, Iruñeko entzierroetan batez beste 1,95 lagun zauritu dituzte entzierro bakoitzean.

Gaur erietxera eramandakoa bost lagunetik bi, kalean

Gaurko entzierroan hartutako zauriengatik artatzeko ospitaleetara eramandako bost lagunetik biri alta eman diete, eta beste biak oraindik erietxean dira, bat Nafarroako Ospitalean, eta bestea Bideko Ama Birjinaren Ospitalean.

Nafarroako Ospitalera 23 urteko J.P.L., Madrilgoa (Espainia), buruan zauri arin bat duela eraman dute, baita Bilboko J.Z.Z.,21 urtekoa, txurmioan urradura zuela. Biei alta eman diete. Aitzitik, Zornotzako (Bizkaia) A.G.H., 37 urtekoa, oraindik erietxean da, saihetsean eta besoan kolpeak hartuta.

Bideko Ama Birjina Ospitalari dagokionez, Bilboko E.I.P., 31 urtekoa artatzen ari dira, zezen batek izterrean adarraz zauritu baitu. Halaber, Iruñeko J.M.I.S., 45 urtekoa artatzen ari dira, hainbat kolpe eta txurmio batean zauria jaso dituelako.

Atzoko zaurituen egoera

Bestalde, atzoko entzierroaren ondoren Nafarroako Ospitalera eraman zituzten bost lagunetik hiruk erietxean segitzen dute gaur. Horien artean Lekunberriko (Nafarroa) 37 urteko J.E.A. dago, 37 urteko gizonezkoa. Hagitz larri jarraitzen du, bularrean traumatismoa, eta hemoneumotoraxa -saihetsean hainbat haustura jasan ondoren- duelako. Halere, pixkanaka hobera egiten ari dela jakinarazi dute mediku iturriek.

Horrez gain Kaliforniako (AEB) 20 urteko J.P. gizonezkoa mediku zaintzan da, buruko traumatismoagatik. Baliteke gaur alta jasotzea. Koreako 26 urteko B.K. ere erietxean dute, buruko traumatismoagatik, hau ere. Hobera egiten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.