Azaroaren 4tik hona, apenas aldatu den aurreko 14 egunetan 100.000 biztanleko positibo kopurua: %0,4 baino ez da igo, eta 827ean dago orain. Bi aste atzera joanez gero, intzidentzia horrek %5 egin du gora. Testuinguru orokorra eta joera hori izanik, bide hori berretsi baino ez dute egin gaur jakinarazitako datuek. Izan ere, 1.643 positibo jakinarazi dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
Lurraldeka, baina, kontrako norabidea adierazten dute. Azken bi asteetan, Araban %24,4 handitu da intzidentzia, Bizkaian %31,4, Gipuzkoan %61,8 eta Nafarroan, berriz, %36,2 jaitsi da. Nafarroan, bereziki azken zazpi egunetan indartu da joera hori, azaroaren 4tik hona %29,4 egin baitu behera intzidentziak. Beste hiru lurraldeetan bederen, azken zazpi egunetan lortu da kutsatzeen hazkundea geldotzea —azaroaren 4tik Araban %12, Bizkaian %18 eta Gipuzkoan %9,7 igo baita—. Ez da gutxi, aurreko zazpi egunetako bilakaera kontuan harturik, eta, ondorioz, egun batzuetan ikusiko da ea joera berresten den, Nafarroan gertatu bezala.
Eguneko datuei dagokionez, Araban 126 positibo atzeman dira, Bizkaian 663, Gipuzkoan 601 eta Nafarroan 208. Azken hamalau egunetako intzidentzia tasari dagokionez, Arabak du kasu kopuru gutxiena, 547,8koa; Bizkaiak 743,7 ditu 100.000 biztanleko, Nafarroak 786,4 eta Gipuzkoak milatik gorako langa gainditua du iragan astetik, eta orain 1.101,5 ditu.
Ipar Euskal Herrian ere, gorantz
Ipar Euskal Herriko daturik ez dago bere horretan; dena den, Pirinio Atlantikoak departamenduak Akitania Berriko daturik kezkagarrienak ditu. Pandemia hasi zenetik urriaren 18ra arte, departamenduan 6.408 positibo detektatu ziren; ondorengo hamahiru egunetan, berriz, aurreko hilabete guztietan adina kasu detektatu dira ia: 6.230 gehiago, alegia. Ondorioz, urriaren 18an, aurreko zazpi egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 224 positibokoa bazen, azaroaren 1ean 521,7raino igo zen —kontuan hartu behar da Hego Euskal Herrian 14 egunetan neurtzen dela intzidentzia eta Ipar Euskal Herrian zazpi egunetan, baina joera islatzeko balio dute bi kasuek—.
Azaroaren 10eko datuen arabera, lehen olatuan baino okerrago dago Ipar Euskal Herria, eta, oro har, Pirinio Atlantikoak departamendua. Izan ere, lehen olatuko garairik okerrenean 97 lagun egon ziren ospitaleratuta, eta, honezkero, zifra ia lau bider handiagoa da: zehazki, 362 lagun daude ospitalean. BERRIAk jakin duenez, uneotan 66 lagun daude Ipar Euskal Herriko ospitaleetan.
Izan ere, Baionako ospitaleko komunikazio zerbitzuaren arabera, 57 paziente artatzen ari dira koronabirusagatik. Horietako zortzi suspertze zerbitzuan dira. Beste 38 paziente COVID-19 unitate berezituetan dira; eta 11 arten segida eta berregokitze zerbitzuan —indarberritze lanak egiten dituzte bertan, ondorioak pairatzen dituzten pazienteendako—. Gainera, Donapaleuko ospitalean bederatzi pazientek dute gaitza.
Positibo tasa, %8,1ekoa
Hego Euskal Herriko ospitaleratzeei dagokienez, oraintxe 712 pertsona daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetako gela arruntetan, aurreko egunean baino 29 gutxiago —horrek esan nahi du oro har sartzen direnak baino gehiago direla ospitaletik sendagiriarekin ateratzen direnak—. ZIUko oheetan, berriz, guztira 197 pertsona daude, aurreko egunean baino bost gutxiago.
Antigenoen testak hedatu ahala —egun egiten den lau probatik bat antigeno probak dira, eta beste hiru PCRak—, kasuak atzemateko ahalegina indartu egin dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, batik bat Jaurlaritzak. Azken 24 orduetan, 20.256 proba egin dira, eta %8,1ek eman dute positibo —egindako probetatik, 15.339 PCRak dira eta gainerako 4.917ak, antigeno testak—.
Osasunbidearen arau eta gomendioak
Nafarroako Gobernuak iragarri du bilakaera epidemiologiko onaren ondorioz ez dituela Iruñerriko hiru osasun etxe irekiko asteburuko eskariari aurre egiteko. Halaber, Osasun Departamentuak eta Nafarroako Ospitale Guneak ohar bidez adierazi dute garrantzitsua dela ospitaleetako bisitetan neurriak zorroztea, eta maskarak garbitzea, eskuak garbitzea eta distantzia gordetzea.
Segurtasun neurriei buruzko neurriak berrikusi ditu Nafarroako Gobernuak, eta zirkuituak ezarri COVID-19a duten eta ez dutenentzako bisitaldietan. «Helburua da kasu bakoitza banaka artatzea, gaixo bakoitzaren egoeraren arabera zehazteko bisitak eta haren zaintza».
Arau gisa, COVID-19aren unitateetan, osasun profesionalak senideekin telefono bidez jartzen dira harremanetan, galdetzeko nor joango den ospitalera bisitatzera eta ordutegia zehazteko. Bisitek ordubete iraungo dute, eta gomendatzen dute beti pertsona bera izatea. «Oso garrantzitsua da bisitatuko duen pertsona hori osasuntsu egotea, pazientearekin kontaktu estua izateagatik bakartua ez izatea eta COVID-19arekin gaixo ez egotea. Logelan sartu aurretik, erizainek esango diete zer babes neurri hartu, batik bat maskara egoki erabiltzea, eskuak garbitzea eta beste segurtasun neurri batzuk. Hala egingo ez balitz, bisitatzea debekatu dezakete. COVID-19a ez dutenen kasuan ere segurtasun neurriak bete behar dira bisitetan, eta maskara ez da erantzi behar.
Hamar hildako, Bizkaian eta Nafarroan
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, aurreko egunetan zortzi pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz. Horietatik hiru, azken 24 orduetan —86 urteko emakume bat, 97 urteko beste bat, eta 87 urteko gizon bat—, Gainera, aurreko egunetan 75 eta 94 urte arteko hiru gizon eta bi emakume hil dira.
Halaber, Bizkaiko foru aldundiak jakinarazi duenez, bi pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz azken orduetan. Datu ofizialen arabera, 1.084 lagun hil dira adineko egoitzetan orain arte, eta horietatik 214, bigarren olatuan —zenbaketaren arabera, datuok zertxobait alda daitezke, baina erreferentzia bat ematen dute—. Halaber, hamar erabiltzaile sendatu dira azken orduetan, eta dagoeneko 2.085ek gainditu dute COVID-19 Bizkaiko egoitzetan.
Aldundiaren arabera, orain 79 positibo daude egoiliarren artean, horietatik 17 ospitaleraturik, gainerakoak lurraldeko 11 egoitzatan banaturik: Oizpe-Munitibar (15), Vitalitas Santa Teresa-Barakaldo (10), Olimpia-Bilbao (7), Aspaldiko-Portugalete (6), Aitzea-Gamiz-Fika (4), Anai Cantero II-Bilbao (4), Conde Aresti-Bilbao (2), Begoñako Ama-Bilbao (1), Indautxu Gurena-Bilbao (1), Loiu Gurena- Loiu (1) eta Joxe Miel Barandiaran-Durango (1).
Langileen artean, berriz, 90 langilek baieztatu dute, eta 81 isolatuta daude.