Bige Bizkaiko guraso elkarteak salatu du beroaldien kontrako neurri faltaren ondorioz kolokan dela «ikasleen ongizatea»

«Ikastetxe publiko asko ez daude prestatuta muturreko beroa dagoenean baldintza egokiak bermatzeko», salatu dute; gurasoen arabera, zenbat ikasgelatan 32 gradutik gora izan dira, eta hainbati «osasun arta» eman behar izan diete.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa, Bizkaiko institutu bateko obretan bisitan, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa, Bizkaiko institutu bateko obretan bisitan, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
arantxa iraola
2026ko maiatzaren 26a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunotako beroaldiak ekarritako arazoak dira, muturreko beroari aurre egiteko neurririk ezak larriagotuak. Bizkaiko gurasoen Bige elkarteak zerrendatu egin ditu Bizkaiko hainbat eskola publikotan egunotan gertatzen ari diren arazoak: «Tenperatura gomendatuak nabarmen gainditzen dituzten ikasgelak, patio eta leihoetan itzalik ez izatea, pertsianarik edo aireztapen sistemarik ez izatea». Aditzera eman dutenez, hainbat eskolatan tenperatura oso beroak dituzte, eta horrek eragina izan du «ikasleen ongizatean eta eskola jardueran». Adibide gisara jarri dituzte Bilboko bi ikastetxe: Luis Briñas eta Pagasarribide. «Hezkuntza komunitateek salatu dutenez, 32 gradu baino gehiago izan dira gela batzuetan, eta, beroaren ondorioz, hainbat osasun artatze izan dira». 

Gogoratu dute «urteak» daramatzatela abisua ematen azpiegitura askoren gabezien gainean: «Ikastetxe publiko asko ez daude prestatuta muturreko beroaren aurrean baldintza egokiak bermatzeko». Nahigabetuta daude ez direlako aintzakotzat hartu abisu horiek, eta neurriak eskatu dituzte. «Egoerak egiturazko arazo bat jartzen du mahai gainean: hezkuntza sare publikoan dagoen inbertsio falta». Eta, ondorioz, azpiegitura eskasak: «Instalaziorik eza, olanarik eta patio estalirik ez izatea...». Eta egitekoen zerrenda luzea: «Leihoak berritzea, aireztapen egokia ipintzea, eraikinak klimara egokitzea... Aspaldiko aldarrikapenek gauzatu gabe jarraitzen dute, edo atzeratuta daude».

Lan horiek berebiziko garrantzia dutela gogoratu dute Bigeko gurasoek. «Bero boladak ez dira jada ezohiko gertakariak. Gero eta errealitate ohikoagoa dira, eta administrazio publikoek bere gain hartu behar dute ikastetxeak egokitzeko ardura». Horren aldeko «apustu irmoa» eskatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA