Izurriaren gaineko datuek nabarmen okertzera egin dute asteotan, eta hura hesitzeko neurri murriztaileagoak hartu behar ote diren: airean dago galdera. Lehengo astearen amaieran, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen intzidentzia handieneko tokietan etxeratze agindua ezartzea; justiziaren babesa lortzen badute, aste honetan bertan ezarri nahi dute. Eusko Jaurlaritzak, berriz, gauean kalean jendea pilatzeko debekua ezarri zuen, dekretu bidez, lehengo astean. Atzo goizean, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibileko Planeko batzorde Labik arloko adituak batzen dituen bilera egin du, eta neurri gehiago hartu behar diren aztertu dute.
Ondoren, asmoa da horiek aztertzea bihar Labi osatzen duten erakunde publikoetako ordezkariek. Oraingoz, gauean kalean izaten diren pilaketak saihesteko eskeez gainera, maskararen erabilera indartzeko mezuak ari dira ematen. Jaurlaritzak adierazia du ez duela etxeratzeko agindurik ezartzeko asmorik, epaileek erabakia atzera botako duten kezka baitu.
Milatik gora COVID-19 kasu atzeman dira igaro egunotan Hego Euskal Herrian. Lehengo astearen amaieran, halaber, igoera bat igarri zen gaitza larriagotuta erietxeetan sartu behar izan dituzten pertsonetan ere. Orain, gazteak dira kutsatu gehienak; eritasuna ez da hain erasokorra haiekin, baina izaten dira korapilatzen diren kasuak haien artean ere.
Asteburuan zertxobait apaldu dira azken asteko datu kezkagarriak. Igandean Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.346 positibo atzeman zituzten larunbatean, azken hiru egunetan baino gutxiago. Denera, 11.293 proba egin zituzten, eta positibo tasa %11,8 izan zen. Lurraldeka, positibo gehien Bizkaian atzeman zuten: 512. Gipuzkoan 340 izan ziren; Nafarroan, 335; eta Araban, 137. Osakidetzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren lagunei atzemandako beste 22 positiboren berri ere eman zuen.