emakumeen kontrako indarkeria

Bihar egingo dira bikotekideak kolpeka hildako Begoña Bohoyoren hiletak

Bihar arratsaldeko zazpietan Pasaia Antxo (Gipuzkoa) jaioterrian egingo dira bikotekideak emandako tratu txarren ondorioz hildako Begoña Bohoyoren hiletak, San Fermin parrokian. Astelehenean, berriz, emakumeen kontrako indarkeria kasu hori salatzeko elkarretaratzea egingo da Donostian, Emakumeen Mundu Martxak eta Donostiako Udalak antolatuta.

2006ko urtarrilaren 6a
12:24
Entzun
19:30etan egingo da protesta ekitaldia, Bulebarrean. Nolanahi ere, atzo bertan egin ziren beste salaketa ekintza batzuk: Pasaia Antxoko herritarrek elkarretaratze bat egin zuten, eta Hendaiako Udalak (Lapurdi) antolatuta beste bat egin zen han.

Izan ere, Bohoyo eta haren bikotekide eta erasotzaile X.P.A.E. gipuzkoarrak ziren, baina Hendaian bizi ziren. Hain justu, Hendaian elkarrekin bizi ziren etxean hiru egunez bahituta izan zuen gizonezkoak Bohoyo, eta hiru egun horietan hainbatetan jo zuen etxetik alde egitea lortu zuen arte.

Bizilagun bati laguntza eskatu, eta hark Irungo Ertzaintzaren polizia-etxera eraman zuen, eta gertatutako salatu ostean, segituan erietxera eraman zuten —aurrena Bidasoako Eskualdeko Ospitalera, eta gero, zauriak oso larriak zirela-eta Donostiako Ospitalera—. Nolanahi ere, Ertzaintzak ez zuen erasotzailea segituan atxilotzeko ekimenik hartu, eta, gainera, epaileak lehendabizi aske utzi zuen. Gero, emakumearen osasunak txarrera egin zuen eman zuen epaileak X.P.A.E. berriro atxilotzeko agindua. Atzo, Martuteneko (Gipuzkoa) espetxean sartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.