Halaber, kalte-ordainak eskatu ditu familientzat: 286.000 euro Rebolloren kasuan eta 77.000 Otuyaren kasuan. Herri akusazioaren izenean, berriz, Clara Campoamor elkarteak 45 urteko espetxe zigorra eskatuko du; 20 Rebolloren hilketagatik eta 25 Otuyarenarengatik. Biktimentzako kalte-ordainak handiagoak izatea eskatuko du.
Fiskaltzaren arabera, frogatuta dago Aguilarrek hil zituela bi emakumeak. Hilketak "maltzurkeriaz" egin zituela gaineratu du. Bizkaiko Lurralde Auzitegian epaituko dute.
Instrukzio auzian gogorarazi zituen ministerio publikoak 2013ko maiatzaren 25ean izandako gertaerak. Juan Carlos Aguilar, 49 urtekoa, auto batean zen Bilboko Concha Jeneralaren kalean. Jenny Rebollo Aguilarren autora igo zen —elkar ezagutzen zuten—, eta bera jabea zen gimnasiora eraman zuen, Maximo Agirre kalera. "Akusatuak besoetatik lotu zuen andrea, eta, hura hiltzeko asmoz, jo egin zuen, hil zuen arte". Fiskaltzak nabarmendu zuen biktimak ez zuela aukerarik izan ez bere burua babesteko ez ihes egiteko. "Zehazki nola hil zuen ez dago jakiterik, akusatuak gorpua zatitan txikitu zuelako hurrengo egunetan".
Akusazioaren agiriaren arabera, bestalde, ekainaren 2an, Juan Carlos Aguilar Concha Jeneralaren kaleko taberna batean zegoen. Harekin zen Maureen Ada Otuya, eta, minutu batzuk geroago, akusatuaren gimnasiora joan ziren. "Sexu harremanak izan ostean, akusatuak, bat-batean eta ezustean, andreari bere burua babesteko edo ihes egiteko aukerarik eman gabe, lepotik eta besoetatik heldu zion, eta buruan eta sabelean jo, eta, ondoren, soka batekin ito zuen".
Ertzaintzaren agenteen esku hartzearen ostean, Ada Otuya ospitalera eraman zuten —koman zegoen—. Ekainaren 5ean hil zen emakumea, estrangulazioak eragindako entzefalopatia anoxiko bat zela eta.