Azpiegiturak

Bihar irekiko dira Autzaganeko tunelak

Egunero, 16.000 ibilgailuk erabiliko dute. Bost urte iraun dute lanek, eta 70 milioi euro inbertitu ditu Bizkaiko Diputazioak. Zornotza eta Busturialdearen arteko lotura hobetuko du. 

Autzaganeko tunelak, joan den asteko irudian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko apirilaren 13a
12:53
Entzun

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatua Autzaganen izan dira goizean. Gernika-Lumo, Muxika eta Zornotzako alkateekin, Urdinbideko tunela zeharkatu dute. Bihar irekiko dute, 07:00etan. Rementeriaren arabera, Zornotza eta Busturialdearen arteko lotura hobetuko da, eta auto istripuak saihestuko dira. Izan ere, Autzaganeko gaina Bizkaiko errepideetako toki arriskutsuetako bat izan da. Egunero, 16.000 ibilgailuk erabiliko dute. 3,4 kilometro da luze. 

Duela bost urte hasi ziren obrak. 2015eko udaberrian aurrera ez jarraitzea erabaki zuen ordura arte lanean zebilen aldi baterako enpresa taldeak. "Zailtasun teknikoak" ipini zituen argudio modura. Autzaganen, tunelaren inguruan, lurpeko akuifero bat dago. Diputazioak bigarrenez esleitu behar izan zuen obra. Eta horrek atzerapenak eragin ditu. Orotara, 70 milioi euroko inbertsioa egin du Bizkaiko Diputazioak. Rementeriak azaldu du tunelera urik ez sartzeko "teknikarik berritzaileenak" erabili direla.

Behin tunelak irekita, errepidea egokitzeko bigarren faseari ekingo diote, Muxikako Gorozika eta Ariatza auzoen artean. Gainera, Autzaganeko gaina erabiliko duten ibilgailuak gutxiago izango direla aprobetxatu nahi du diputazioak: errepidea egokituko du, eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidea sortu. Horretarako, 725.000 euro inbertituko ditu. 1,6 kilometro luze izango da, eta aurretik gainaren bi aldeetan zeuden beste bi zatiekin bat egingo du: obrak bukatutakoan, Zornotzan hasi eta Muxikara arte joango da oinezko eta txirrindularientzako ibilbidea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.