Neguko kanpaina abiatzeko garaia dela eta, Bihotzeko Ostatuak elkartea udako antolaketan egotera behartua izan da. Elkarte horrek apairuak urririk eskaintzen dizkie pobrezian direnei, herritarrek emandako emaitzekin. Egun, Ipar Euskal Herrian sei zentro dira, Donibane Lohizunen (Lapurdi), Baionan, Maulen, Aiherran (Nafarroa Behera), Donapaleun (Nafarroa Behera), eta Donibane Garazin.
Elkarteak kideen kopurua urtaroen arabera egokitzeko ohitura du: neguan, kideen lekuak mugagabeak dira; aldiz, udan zehar kopurua murrizten dute, beharrak apaltzen direlako. Neguko kanpaina urriaren 23an hasi behar zen, baina Bihotzeko Ostatuetako Pirinio Atlantikoetako departamenduko lehendakariak, Didier Michelek, neguko fasea bertan behera uztea erabaki duela abisatu du, balibideen eskasiarengatik: emaitzak ez dira aski izan, eta laguntzaile kopurua ez da nahikoa. Horrek erran nahi du negu oro kide diren pertsona batzuk ez direla onartuak izanen aurtengo negu kanpainan.
Bigarren bilketa
Urtero, Bihotzeko Ostatuek bilketak antolatzen dituzte martxoan Frantzian, eta Ipar Euskal Herrian. Bertan herritarrek zein kolektibo eta elkarteek parte hartzen ahal dute, janaria edota laguntzen ahal duten edozer ondasun eskainiz. Hilabete horretan eskaintzen kopuru apala ikusiz eta horri aurre egiteko, Ipar Euskal Herriko hainbat hiritan bilketak berriz antolatuko dituzte urriaren 14tik 15era, besteak beste: Donibane Garazin, Angelun, Maulen, Donapaleun eta Aiherran. Michelek ohartarazi duen bezala, ezohiko bilketa geroz eta gehiago egiten dira Ipar Euskal Herrian.
Kolektiboko laguntzaile boluntarioek beren «haserrea eta tristura» adierazi dituzte egoerari begira. «Zaila» iduritzen zaie beharrean den pertsona bat ez onartzea haien elkartean. Horrez gain, lekuak apaltzen dira, baina zentroetako erabiltzaileen kopurua emendatzen da, baita profil berriak ere. «Orain soldatadunak, haurrak dituzten ezkongabekoak eta erretretatuak ere ikusten ditugu», erran du Didier Michelek. Oraindik ez dute aurreikusi zenbat lagun artatuko dituzten aurtengo neguan.