Miokardio infartuei edo bihotzekoei aurre egiteko protokolo berria ipini du martxan Osakidetzak. Horri esker, osasun zerbitzuko langileek denbora gutxiago beharko dute gaixoa artatzeko. Hala iragarri du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Hala, hilkortasun tasa apaldu eta bizitza itxaropena handituko direla azaldu du.
Bihotzekoa jasan duen gaixoa artatzen parte hartuko duten profesional guztiek zer egin behar duten finkatzen du protokoloak. Lehen aldiz, dokumentu bakarrean zehaztu dituzte jardueraren nondik norakoak. Horri esker, era bateratuan jardungo dute baliabide guztiek. Sailburuaren esanetan, argiro ezarri dira bide klinikoa, jarraibideak eta jardute prozedurak. Hori horrela, teknologia maila desberdinak dituzten ospitaleak elkarren artean konektatuta egongo dira, ospitalera jo aurreko arreta sistema «eraginkor» baten bidez. Garraioari dagokionez ere «erabateko eraginkortasuna» bilatuko dute.
Hainbat diziplinatako profesionalek osatutako Osakidetzako talde batek atondu du protokoloa. Bihotzez izeneko bihotzekoa tratatzeko laguntza sarearen barruko espezialitateetako talde guztietako hogei bat ordezkarik osatu dute: kardiologoak, hemodinamistak, larrialdietako sendagileak, intentsibistak eta lehen mailako arretako sendagileak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako heriotzen %10 eragiten ditu. Bihotzeko gaixotasunen artean heriotza tasarik handiena du. Urtero, 1.500 eta 2.000 paziente artean artatzen ditu Osakidetzak miokardio infartua dela eta.
Bihotzekoei aurre egiteko, protokolo bateratua EAEn
Baliabide guztiek era bateratuan jardutea lortuko du.Denbora aurreztea eta heriotza tasa txikitzea dira protokoloaren helburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu