Ikus-entzunezko lan baten edukia plataformara kargatu eta klik batean beste hizkuntza batera itzuli eta bikoiztu. Zerbitzu hori eskaintzen du Elhuyarrek, Adituren bidez. Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehen plataforma dela nabarmendu dute. Sei hizkuntzatan egin daitezke bikoizketak: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa.
Elhuyarrek Aditu plataforman (https://aditu.eus/) bateratu ditu hizketaren eta ahotsaren bere teknologia guztiak. Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologiak dira. Adituk hiru erabilera nagusi izango ditu: alde batetik, bideoak eta audioak transkribatzea eta azpitituluak automatikoki sortzea; bestetik, sortutako transkripzioak eta azpitituluak automatikoki itzultzea; eta, azkenik, ikus-entzunezko edukiak itzultzea eta bikoiztea. «Beraz», azaldu du Elhuyarrek, «azpitituluak sortzeko plataforma bat izatetik bikoizketa automatikoa eskaintzera pasatuko da Aditu». Ikus-entzunezko lan eleaniztunak sortzeko prozesua erraztu nahi du.
Ahotsen aukera
Bikoizketa egitean, erabiltzaileak une oro ikus dezake bikoizketaren emaitza, eta aldatu ere bai, nahi badu. Ahotsetarako zenbait aukera ditu: hizlari bakoitzarentzat ahots bat aukeratu daiteke (Elhuyarrek sortutako ahotsak dira), jatorrizko ahotsa imitatzen saiatu, atzeko audioa kendu edo hari eutsi...
Aditu plataformak izan ditzakeen erabileraren zenbait adibide zerrendatu ditu Elhuyarrek: ikus-entzunezko piezen ekoizpenean, edukiari irisgarritasuna eman; administrazio publikoan eta enpresetan, komunikazio aukera berriak sortu; industrian, makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak ahots bidez egin, eta abar. Aditu erabiltzeko, erabiltzailea sortu eta ordaindu egin behar da.
Orai adimen artifizialeko zentroak sortu ditu teknologia horiek guztiak. Orai hizkuntzaren prozesatze naturalean (NLP, Natural Language Processing) espezializatuta dago, eta duela hiru urte sortu zuen Elhuyarrek.