Gizonezko bat atxilotu dute Barakaldon, besteak beste bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua hausteagatik

Atxilotzeko asmoz gerturatu zitzaizkion bi ertzainetako bati ukabilkada bat eta ostiko bat ematea egotzi diote gizonari.

Ertzaintzaren ibilgailu bat, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Ertzaintzaren ibilgailu bat, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
kristina martin
2025eko irailaren 20a
16:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, Barakaldon (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizona atxilotzeko bi agindu eta hura espetxeratzeko agindu bat zeuden indarrean. Horretaz gain, urruntze agindu bat ere bazuen —bikotekide ohiarengana ez gerturatzeko kautelazko neurria—, eta hori ere hautsi zuen bezperan.

Ostiral goizean, Ertzaintzaren patruila batek gizon gazte horren ibilgailua atzeman zuen Barakaldoko hirigunean, eta geldiarazten saiatu zen, baina gidariak haien kontra egin zuen, eta autoa utzi eta oinez ihes egitea lortu zuen. Ertzaintzak azaldu zuenez, autoak ez zuen IATrik, ez eta asegururik ere, eta gidabaimenean punturik eduki gabe ari zen gidatzen susmagarria.

Pertsona hori atxilotzeko operazioa abiatu zuen Ertzaintzak orduan. Arratsaldean, Barakaldoko parke batean aurkitu zuten, bi ertzain joan zitzaizkion, eta gazteak ukabilkada bat eta ostiko bat eman zizkion ertzainetako bati. Korrika ihes egin zuen, ondoko eraikin bateko atariraino. Etxebizitza baten barruan ezkutatuta aurkitu zuten azkenean, eta atxilo eraman zuten. 

Atxilotua espetxeratzeko agindu bat eta hura atxilotzeko bi agindu zeuden ezarrita, eta bikotekide ohiarengana hurbiltzea debekatzen zion kautelazko neurri bat urratu zuen ostegunean. Hori dela eta, eginbideak ireki zizkioten, bai eta agenteen aurkako atentatuarengatik eta kalteak sortzeagatik ere. Atxilotua epailearen esku utzi dute gaur goizean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.