Bikotekide ohia hiltzeko asmoz autoan lehergailu bat jarri zuen gizon bat zigortu du Nafarroako Auzitegiak. Bost urteko espetxe zigorra jarri dio epaileak, eta beste bost urtean ezin izango du emakumearengana hurbildu, ezta Iruñera joan ere. Andrea hiltzeko lehergailu bat prestatzea, haren autoan gordetzea eta zartaraztea egotzi dio auzitegiak. Berriozarren gertatu zen erasoa. Ez da epai irmoa: Espainiako Auzitegi Gorenera jo dezake akusatuak.
2000. urtean, otsailaren 14an, eztandarazi zuen lehergailua gizonak. Aurreko udan bikotekideak adierazi zion ez zuela segitu nahi harremanarekin; hala ere, elkarrekin bizitzen jarraitu zuten. Tarte horretan aritu zen erasoa prestatzen gizona: bolbora eta metxa bat erosi zituen, eta azkoin batzuk ere bai, lehergailua indartzeko. Kartoizko kaxa batean sartuta, andrearen ibilgailuan utzi zuen bonba, eta su emateko soka bat pasatu zuen autoaren azpiko aldetik kanpora, horrela lehergailua zartarazi ahal izateko.
Otsailaren 14an, arratsean, emakumea ibilgailuan zegoelarik, sokari su eman zion gizonak; epaileak frogatutzat jo du andrea hiltzeko asmoa zeukala erasotzaileak. Eztanda egin zuen bonbak, eta zauriak egin zizkion andreari; kalean zegoen gizon bat ere zauritu zen eztandaren eraginez. Gizona atxilotu egin zuten, eta kartzelan sartu; ordea, bermepean aske irtenda, ihes egin zuen, Tenerifera (Kanaria uharteak, Espainia). Orain aste batzuk atxilotu zuten.
Bikotekide ohiari autoan bonba bat jartzeagatik, bost urteko zigorra jarri diote gizon bati
Andrea autoan zelarik, lehergailua zartarazi egin zuen erasotzaileak, hura hiltzeko asmotan; zauritu egin zen andrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu