Norma Vazquez. Psikologoa

«Biktima diren andreek presio handia jasaten dute umeei aita ez 'kentzeko'»

Aritz Loiola / Foku.
Maite Asensio Lozano.
2023ko azaroaren 08a
00:00
Entzun
Psikologoa da Norma Vazquez (Mexiko Hiria, 1960), eta tratu txarrak edo indarkeria sexuala jasan duten emakumeekin egiten du lan. Bortizkeria matxista horren parte da indarkeria bikarioa.

Ikusi gehiago:Aitak semeari helduta salto egin zuen Urbasako ezbeharrean

Zer da indarkeria bikarioa?

Pertsona baten aurka egiten den indarkeria da, baina helburu du pertsona horretaz bestelako bati ere mina eragitea. Indarkeria matxistaren kasuan, umeen aurka egin daiteke, baina beste pertsona batzuen aurka ere bai, edo animalien kontra. Eta objektu esanguratsuen bidez ere egin daiteke: adibidez, norbaitek egindako opari esanguratsu bat hautsiz... Halakoak oso ohikoak dira, baina seme-alaben aurka egiten denean, erasotzaileek badakite amari minik handiena eragingo diotela. Nahiz eta askotan gizonaren seme-alabak ere badiren.

Pentsatzekoa da erasotzaileek ere maite dituztela seme-alabak...

Bai, teorian. Baina amorruak, emazte izandakoa ezin edukitzeak eta bestelako sentimendu batzuek seme-alabekiko afektua bigarren planoan geratzea dakarte. Bortxa molde hau ikertu dutenek diote seme-alabekiko maitasuna, nolabait ere, bikote harremanaren mendeko afektibitatea dela. Erasotzaileek badakite haurrei min egitea indarkeria gehigarria dela; esaten dute emakumeak ez duela sufrituko hilda badago, baina umeak hiltzeak bizi osorako sufrimendua eragingo diola.

Nagusitasun ekintza bat da?

Hori da. Oro har, halako indarkeriara jotzen duten gizonak itzulbiderik gabeko egoera batean egoten dira: emakumeak beste bikotekide bat duelako, esate baterako. Zerbaitek adierazten die ez dutela aukerarik emakumea kontrolatzeko eta edukitzeko, eta horrek bultzatzen ditu halakoak egitera.

Bikote banaketetan oso zabalduta daude diskurtso matxistak. Gizon horiek sentitzen dute egoera bidegabea dutela?

Nik uste dut baietz. Gizon horientzat bidegabea izan daiteke emakumeek «suntsitu» izana ez bakarrik bikotea, baizik eta familia. Diskurtso matxista horietan maiz esaten dute «ni utzi nau», baina beste pauso bat eman eta emakumeei edo seme-alabei eraso egiten dietenen kasuan, familiari egindako min sakona egon daiteke. Eta familiak badu pisu sinboliko handia bidegabekeria horren ideian, hain justu, seme-alabekin lotuta dagoelako.

Zer egin daiteke bidegabekeria sentimendu hori ezabatzeko?

Oso zaila da. Mendeak daramatzagu familiaren aldeko diskurtsoak barneratzen, Euskadin bereziki. Kultura horren aurka ere egin behar da, familia loturei zama eta erromantizismoa kentzeko, eta nahi ditugun lotura afektiboak eraikitzeko, izan odolekoak ala ez. Eta noski, gizonen kasuan, familiako buruaren rola deseraikitzeko lan bat egin behar da; «nik erabakiko dut nire familian zer egiten den» eta halakoak erreproduzitzen dituzte oraindik diskurtso neomatxistek.

Amak suntsituta geratzen dira. Zer lan egin behar da haiekin?

Biktima diren amek dilema bat izaten dute: seme-alabak babestu nahi dituzte, baina aldi berean, aita bat izan dezatela nahi dute. Dilema hori gainditu egin behar da, baina andreek presio handia jasaten dute umeei aita ez «kentzeko». Gainera, sarri esaten diete esajeratuak direla, baina andre horiek larriduraz egoten dira haurrak aitarekin doazenean; eta ezin dute ezer egin, zeren orduan haiek ateratzen baitira galduan: umeak bisitetara eramaten ez badituzte, kondenatu egiten dituzte. Hortaz, noski: haien alboan egon behar da, birrinduta geratzen baitira, betirako zauri bat izango dute, eta terapia eta babes askorekin putzutik atera daitezke batzuk; baina arazoaren muinera ere jo behar da, ez baita soilik ideologikoa, judiziala ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.