«Biktima guztiak» aintzat dauzkan modulu didaktiko bat aurkeztu du Baketik-ek

ETAk eta GALek hildako pertsona banaren senideen testigantza jasotzen du 'Bihotzetik' lanak

mikel lizarralde
Donostia
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
«Iraganarekiko, orainarekiko eta etorkizunarekiko diskurtso kritiko eta eraikitzailea, eta biktimen sufrimenduarekiko enpatia» landuko dituen hezkuntzarako proposamena egin du Baketik bake zentroak. Bihotzetik modulu didaktikoak 1960tik 2010era bitartean Euskal Herrian «zer eta zergatik» gertatu zen aztertzea proposatzen du, baita gatazka politikoak eragindako biktimak gaur egun «nola sentitzen diren» jakiteko tresnak garatzea ere, «inor baztertzen eta ezkutatzen ez duen deitura erabilita». Hain zuzen ere, Baketik-ek «euskal gatazkako giza eskubideen urraketen biktimez» aritzea proposatzen du modulu didaktikoan, «eta ETAren terrorismoaren biktimak, estatuaren inguruko terrorismoaren biktimak, eskuin muturrekoak eta beste urraketa batzuenak integratzen eta bereizten ditu».

Baketik-ek atzo aurkeztu zuen Donostian bere proposamena, eta ekitaldian, hezkuntza alorreko kide ugariz gain, ordezkari politikoak ere izan ziren, Aralarreko Aintzane Ezenarro eta EAJko Joseba Egibar kasu. Jonan Fernandez Baketik zentroko zuzendariak adierazi zuenez, Bihotzetik zirriborro fasean dago oraindik, eta hezkuntzako eragileei eta ikastetxeei helaraziko diete, datozen hiruzpalau hilabeteetan ekarpenak eta iradokizunak egin ditzaten, hurrengo ikasturterako behin betiko argitalpena prest egon dadin. «Denon artean aztertu behar dugu, gaia delikatua delako eta elementu ahulak daudelako tartean: adingabeak eta biktimak, alegia. Prozesu luzea izango da».

Fernandezek jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere eman diotela moduluaren kopia bat, baina ez zuen adierazi nahi izan Jaurlaritzaren bakerako hezkuntza planarekin uztargarria izango den ala ez: «Bost hilabete eman ditugu lan hau prestatzen, buru-belarri, eta gaur esango bagenu Jaurlaritzaren aldeko edo kontrako zerbait, horrek berak dena eramango luke pikutara. Aniztasuna eta ikuspuntu ezberdinak daude, eta hitz egin beharko dugu. Presarik gabe eta lasaitasunarekin».

Izan proposamenetik sortutako modulu didaktikoa da Bihotzetik, eta Bigarren Hezkuntzako 4. mailarako dago pentsatua. Hamabi ariketa praktiko proposatzen ditu, eta beste hiru hautazko.

Esparru teorikoa eta aplikazioa

«Euskal auzian izandako giza eskubideen urraketen biktimekiko elkartasuna ikasgeletan aplikatzeko pedagogia proposamena» da Bihotzetik, Baketik-eko arduradunek azaldu zutenez, eta bi ataletan dago banatua. Batak esparru teorikoa lantzen du, eta irakasle eta familientzako da. Bigarrenean, berriz, aplikazio praktikoak daude, irakasleek ikasleekin erabil ditzaten.

Bihotzetik-ek iraganaren irakurketa egiten du, azkeneko 50 urteetan Euskal Herrian zer gertatu den ulertzeko eta heziketarako ardatzak zehazteko: «1960 eta 2010 bitartean, arazo politikoak indarkeria erabiltzearekin, terrorismoarekin eta giza eskubideen urraketarekin nahastu eta larriagotu egin ziren. Ondorioa: biktimen eta sufrimenduen zerrenda luze eta mingarria». Hori gertatu ahal izateko arrazoiak ere aurkezten ditu Baketik-ek: «Hau gertatu ahal izan zen taldeen eta gizon-emakumeen arrazoiketetan beren ideiei edo besteei buruzko epaiketei lehentasuna eman zietelako, giza duintasunaren balio nagusiaren eta unibertsalaren gainetik».

ETAren eta GALen biktimak

Bihotzetik-ek ikasleengan biktimekiko konpromisoa eta enpatia «sakonena» sustatzeko ideia aurkeztu du. «Elkartasuna biktima guztiei heldu behar zaie. Gizatasun eta unibertsaltasun pedagogia oinarrizkoa da, inolako sektarismorekin edo salbuespen-justifikaziorekin bateraezina».

Horri lotuta, unitate didaktikoak bi biktimaren idatzizko lekukotasunak eskaintzen dizkie ikastetxeei aplikazio praktikoan. Anaiaren hilketa nola bizi izan zuten kontatzen duten bi lagunenak dira bi testigantzak. Bat ETAk hildako Ramon Bagliettoren anaia Pedrorena da. UCDko zinegotzia zen Baglietto Azkoitian, eta 1980ko maiatzaren 12an, etxera autoz zihoala, ETAko komando batek metrailatu egin zuen.

Bestea Arantza Lasarena da. Joxean anaia Joxi Zabalarekin batera bahitu zuen GALek 1983ko urrian, Baionan. 1985ean aurkitu zituzten Tolosako bi gazteen gorpuak Alacanteko Busot herrian (Herrialde Katalanak), baina ez zituzten 1995era arte identifikatu. Haien gorpuak kare bizitan lurperatu zituzten, eta tiroak nahiz tortura zeinuak zituzten. «Xehetasunei dagokienez, bi kasu bereizi dira, baina jasandakoaren sakontasuna eta galdutakoaren itzulezintasuna ikusirik, giza sufrimenduaren irudikapen unibertsala dira».

Bi biktima horien kontakizunak ikasleengan eragiten duen erreakzioa ezagutzea du helburu Bihotzetik-ek ikastetxeei proposatzen dien ariketak. «Eta, ondoren, bi lekukotasunei buruzko galdera sorta egin beharko genieke ikasleei. Enpatiaren esanahia sakon aztertu behar da, teorian eta praktikan, eta bi biktima horiei testu bana idatzi beharko liekete ikasleek». Euskarriosagarri gisa, eskolan bertan bi biktimek beren testigantza emateko aukera zabalik uzten du Baketik-en modulu didaktikoak.

Etorkizunera begiratzeko plangintza ere proposatzen du Bihotzetik-ek, premisa batetik abiatuta: «Elkarrekin biziko gara, desadostasunak eta gatazkak izango ditugu, eta elkarrekin bizitzen jarraitu beharko dugu». Horretarako, «erreferentzia esparru etikoa»behar da, Baketik-en iritziz, «indarkeria prebenitzeko eta bizikidetza baketsua eta berradiskidetua bultzatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.