memoria

Biktima guztiak aintzat hartzeko plana egin du Gipuzkoako Diputazioak

Eskubideen "urraketa guztiak" ezagutzera eman behar direla uste du aldundiak. "Gaur egun, oraindik ez dago biktima guztien eskubide eta egoerak aintzat hartuko dituen politika publikorik, gertakarien egileen araberako bereizkeriarik egin gabe". Giza eskubideen institutu bat sortzeko asmoa du Gipuzkoako Diputazioak.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko ekainaren 13a
17:14
Entzun

Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Marina Bidasoro Giza Eskubideen zuzendariak aurkeztu dute gaur Giza Eskubideak, Oroimenaren berreskurapena eta Bizikidetza zabaltzeko plana izeneko txostena. Aldundiak ohartarazi du gaur egun biktima guztiei ez dizkietela aitortzen egia jakiteko, justizia jasotzeko eta jasandako kaltea erreparatzeko eskubideak. Lan horiek udalekin eta gainerako erakundeekin batera egin nahi ditu Gipuzkoako Diputazioak.

Hiru helburu zehaztu dizkiote planari: giza eskubideak babestea eta sustatzea, "elkarbizitza normalizatu baten alde"; gatazkak eragindako "indarkerien ondorioak" gainditzeko lan egitea, biktima guztiei, egia, justizia eta erreparazio eskubideak bermatzeko; eta bide horretan gizarte eragileak eta erakunde publikoak bidelagun aritzea.

Proiektuak gauzatzeko bidean hiru gidalerro ere hartuko dituzte kontuan: parekidetasuna —"berdintasuna oinarrizkoa da giza eskubideei buruz hitz egiteko"—, heziketa —"arazoiei oinarritik eman behar zaie aterabidea"—, eta parte hartzea —"erakundeen eta eragileen ekarpenik gabe ezinezkoa da urrats eraginkorrak egitea"—.

Planak lau erronka zehaztu ditu. Hona hemen, alorrez alor:

1. Giza eskubideetan oinarritutako kultura. Gatazkak eragindako "urraketa guztiak" ezagutzera eman behar direla uste du aldundiak. "Gure gizartean, indarkeriak herritarren arteko harremanak kutsatu ditu. Lehen urratsa da giza eskubideak errespetatzea eta bakean oinarritutako kultura ezagutaraztea". Sentsibilizazioan lan egin nahi dute alor horretan: prentakuntza kanpainak eta giza eskubideei lotutako ekitaldiak aipatu dituzte.
 

2. Memoria berreskuratzea, berradiskidetzea eta bakea. Biktima guztiei eragindako kaltea kontuan hartzea nahitaezko jo du aldundiak, "bereizketarik gabe, inolako sailkapen iraingarririk gabe". Ohartarazi du gaur egun biktima guztiei ez dizkietela aukera berberak jartzen, baizik eta "gertakarien egileen arabera" aitortzen dizkietela eskubideak. Trantsizioko justizia aipatu dute, eta horri buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte. Bestetik, eskubide urraketak jasan dituztenekin datu base bat sortzea aztergai dute.

Berradiskidetzea lantzeko, udalekin batera Bizikidetza programa jarri du martxan aldundiak; elkarbizitzarako planak edo ekitaldiak antolatzeko laguntza emango diete horren bidez —biktimen aldeko omenaldietarako, adibidez—. Oroimena berreskuratzeko alorrean, elkarteek egindako lanak jarraitzea bermatu nahi du aldundiak, eta proiektu berriak abiaraztea. Erakunde publikoek betebeharrak dituztela nabarmendu du, gainera: "Estatua eta botere publikoak zorretan daude egiarekin".
 

3. Giza eskubideen erakundea. "Mekanismo autonomo bat" sortzeko asmoa du aldundiak, giza eskubideen alorrean koordinazioan, aholkularitzan, informazioa zabaltzen, prestakuntzan, ikerketan eta prebentzioan jardun dezan. Giza Eskubideen Institutua izango da. Ez dute zehaztu noiz egongo den martxan, baina azaldu dute beste erakunde batzuekin jarri direla harremanetan institutu hori sortzeko.
 

4. 'Eskubide guztiak pertsona guztientzat'. Giza Eskubideen Zuzendaritzak landu du plana, baina aldundiko beste sail batzuekin elkarlanean arituko da, eskubideak sustatzeko eta prestakuntza proiektuetarako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.