Biktima guztientzako «egiarako eskubidea» aldarrikatu du Foro Sozialak

Gaur da Desagertze Behartuen Biktimen Nazioarteko Eguna, eta Foro Sozialak nabarmendu du egia jakitea dela bizikidetza «demokratikoa» sortzeko bidea.

Foro Sozialak biktima guztientzako «egiarako eskubidea» aldarrikatu du. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko abuztuaren 30a
13:33
Entzun

Biktima askorentzat egia «elementu sendagarria» dela uste du Foro Sozial Iraunkorrak; hori dela biktimek «benetan» behar dutena. Nekane Altzelai Foro Sozialeko kideak aldarrikatu du biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutela, eta, horregatik, egiarako eskubideak «erabateko garrantzia» duela nabarmendu du, hori delakoan, hain zuzen ere, bizikidetza «demokratikoa» sortzeko bidea.

Gaur da Desagertze Behartuen Biktimen Nazioarteko Eguna. Foro Sozialak duela bost urte txertatu zuen eguna bere lan egutegian, eta gaurko agerraldia baliatu du biktima horiek gogoratzeko. Horrekin batera, azaldu du Euskal Herrian hamalau kasu daudela dokumentatuta, eta horietatik zazpi oraindik argitu gabe daudela, Altzelaik gaineratu du ez dela «inolako aurrerapenik» izan desagertuta jarraitzen dutenen kasu horietan.

Argitu gabeko desagertze horiek dira Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga A Coruñako hiru gazteak —Irunen (Gipuzkoa) bizi ziren, eta 1973an desagertu ziren—, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur —1976an desagertu zen, Biriatun (Lapurdi)—, Tomas Hernandez —1979an desagertu zen, Hendaian (Lapurdi)—, Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra —1980an desagertu zen—, eta Jean Louis Larre Popo —1983an desagertu zen, Landetan (Akitania Berria, Frantzia)—.

Geroago aurkitutako biktimak ere zazpi dira: desagerpenik luzeena Joxean Lasa eta Joxi Zabalarena izan zen: hamahiru urtez egon ziren desagertuta. Foro Sozialaren arabera, kasu horrek erakusten du familien, abokatuen eta gizarte zibilaren lanak «fruituak» eman ditzakeela. Horrekin batera, ohartarazi du beste kasu batzuk ere egon daitezkeela, eta zenbait eragile horiek ikertzen ari direla.

Urraketa beraren aurrean, aitortza bera

Desagertze behartuak «giza eskubideen urraketa larriak» dira, Foro Sozialaren esanetan, eta, horregatik, hain zuzen, biktimek giza eskubideen urraketa beraren aurrean aitortza bera egitea merezi dute. Bide horretan, salatu du ETAren biktimek egia ezagutzeko hainbat tresna dituztela, baina ezin dutela gauza bera esan estatuaren biktimez, haientzat ez baitago egia jakiteko «ia itxaropenik».

Egia jakiteko bidean, baina, «argi pixka bat» ematen duten hiru esparru ikusten ditu Foro Sozialak. Batetik, 12/2016 Legearen Balorazio Batzordea egiten ari den lana «txalotu» du, horri esker estatuko 81 biktima aitortu eta erreparatu direlako. Legeari dagokionez, gogorarazi du «premiazko aldaketa» bat egin behar dela, estatuaren biktimen kalte ordainak ETAren biktimenekin parekatzeko. Horrez gain, kasu aitortuei «ahalik eta publizitate handiena» eman behar zaiela aldarrikatu du, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzari iradoki dio martxan jar ditzala Balorazio Batzordeak onartutako kasuak gizarteratzeko dinamikak.

«Argia» ematen duen beste ekintza bat da irailean «antzeko» lege bat jarriko dela abian Nafarroan, eta, azkenik, Informazio Klasifikatuen Lege Proiektuaren eztabaida Diputatuen Kongresuan dagoela. Foro Sozialaren arabera, legearen aurreproiektua «etsigarria» da, GALen eta torturaren biktima batzuk artxibo sekretu horiek lortzeko itxaropenik gabe gelditzen direlako. Hala ere, uste du «nahikoa baldintza» daudela Diputatuen Kongresuan «akordio baten alde» lan egiteko. Izan ere, «Espainiako Estatuaren hainbat eragilek» legeari egindako alegazioen bitartez, aurreproiektua hobetzea espero du.

«Aurrerapauso» bat egia jakiteko bidean

Joxe Benito Mujika Xenki eta Mikel Martinez de Murgia Murgi etakideak Guardia Zibilak hil zituela ebatzi du Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa batek. Biktima guztiek «egia» jakiteko bidean, «aurrerapauso» gisa ikusi du hori Foro Sozialak, eta ostiralean Lekeition (Bizkaia) egingo diren bi ekitaldietan parte hartuko duela jakinarazi du. Horrekin batera, ohartarazi du gaur egun biktimei buruz hitz egitean ETAko biktimak bakarrik hartzen direla kontuan, eta estatuaren biktimak ez. Horregatik uste du garrantzitsua dela, kasu honetan bezala, biktima guztiak kontuan hartzea eta kasuak gizarteratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.