Biktimei «ordain osoa» eman behar zaiela ohartarazi du NBEk

jokin sagarzazu
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Estatu indarkeriaren biktimen kasuan kalte-ordain ekonomikoa ez dela nahikoa, estatuak aitortu egin behar duela berak egindako mina, eta biktima horiei ere justizia bermatu behar zaiela. Horixe Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak Espainiako Estatuari eginiko oharra. Claudio Grossman batzordeko presidenteak azpimarratu zuen hori atzo, batzorde horretan egunotan egiten ari diren azterketaren harira. Gaur izango du bere txanda Madrildik Genevara joandako ordezkaritza zabalak, galdera horri eta beste hainbati erantzuteko. Maiatzaren 15ean kaleratuko ditu ondorioak batzordeak.

Torturei buruzko batzordea den arren, beste hainbat gairi buruz galdetu zioten atzo Espainiari. Besteak beste, euskal presoen egoerarekin kezkatuta azaldu ziren batzordea osatzen dute hainbat estatutako ordezkariak. Presoei ezartzen zaizkien «salbuespeneko neurriei» buruz galdetu zioten; bereziki, urruntzeari buruz, espetxeetako baldintzen inguruan eta zigorren aplikazioaz.

Inkomunikazioa ere izan zuten hizpide: galdetu zuten ea konfiantzazko abokatuekin egoteko aukera duten erregimen horretan atxilotutakoek; baita auzi medikuen lanari buruz ere; edo bideoz grabatzen ote den atxiloaldi osoa; baina, bereziki, tortura salaketa guztiak ikertzen diren argitzeko eskatu zuten. Horren harira, Grossmanek galdetu zuen zenbat pertsona dauden gaur egun preso torturengatik.

Horrekin batera, Espainiako Gobernuak berriki egin dituen lege erreformei buruz galdetu zuten, eta polizia indarkeriaz: gomazko pilotei buruz, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.