Indarkeria politikoaren biktimen Espainiako elkarteek azken hamarkadetan jokatutako rola aztertu du Alex Romaguera kazetariak (Bartzelona, 1970), Victimas SA (Txalaparta) liburuan. Ikergai izan du AVTk eta beste biktima elkarte batzuek zer-nolako garrantzia izan duten gobernuek politika jakin batzuk zehazteko orduan, eta horrek zer ondorio ekarri dizkien beste biktima batzuei.
Indarkeriaren biktima izatea ez da nahikoa indarkeriaren biktimaren estatusa eta aitortza lortzeko. Hori oso argi utzi duzu liburuan.
Biktima hitza eta hitz horrek ematen duen estatusa eta horrekin lotutako pribilegioak aintzat hartuta, Espainian, biktimekin lotutako denak estatu arrazoia dauka atzean. Trantsizioaren ostean, botereak kontakizun jakin bat ezarri nahi izan zuen, zeinak argi esaten baitu demokraziaren alde borrokatu ziren pertsona jakin batzuei esker iritsi zela erregimen aldaketa. 1999ko biktimen legeak kontakizun hori jaso zuen, eta biktimak zein ziren azaldu: trantsizioarekin hautsi nahi zuten talde armatuen biktimak. Beraz, baztertu egin zituzten estatuaren indarrek eragindakoak, eta biktimen artean asimetria jarri zuten indarrean.
Gaur arte indarrean da kontakizun hori, eta zenbait elkarteren bidez gauzatu dira horren ondorioak. Nola izan da prozesu hori azken hamarkadetan?
80ko hamarkadan baziren biktimen zenbait elkarte, baina batik bat Miguel Angel Blancoren atentatuaren ostean egin zuten urrats handi bat biktimen elkarteei botere handiagoa emateko. Jose Maria Aznarren gobernuak beste lege bat egin zuen, eta AVT elkartea funtsezkoa izan zen hura diseinatzeko garaian, hamarkada horren hasieratik oso indarturik baitzegoen. Lege horretan oso argi jaso zuten nortzuk ziren biktimak: indarrean zegoen ordenaren aurka atentatuak egiten zituztenek eragindakoak. Horiei gehitu zizkieten eskuin muturreko talde parapolizial batzuenak, BVE eta Triple A taldeenak adibidez, baina GALenak ez, ezta estatuko segurtasun indarrek eragindakoak ere. Beraz, egia, justizia eta erreparazioa merezi duten biktimen multzotik at geratu ziren biktima ugari, eta Espainiako iruditeria kolektiboan sakon barneratu zen biktima zein zen eta zein ez.
Azaldu duzu biktimen elkarteak lobby garrantzitsua izan direla, eta gobernuen politikak baldintzatu dituztela. Nola?
Adibidez, Alderdien Legea iritsi zen, ezker abertzaleko alderdiak legez kanpo uzteko, eta horren atzean logika hau dago: biktima erreal batzuk zeudela, estatuaren eredu jakin bat defendatzen zutenak. 1999tik aurrerako legeak oso argi urratu zuen Nazio Batuen terrorismoaren inguruko hitzarmena. Hark dio estatuetako segurtasun indarrek eragindako biktimak ere aintzat hartu behar direla biktima estatusa emateko. Espainiako Estatuak ez zuen nazioarteko ildoa errespetatu, eta bide horretan egin zuen aurrera, bai eta 2011ko legean ere. AVTk estu hartu zuen garai hartan Espainiako Gobernua, euts ziezaion ordura arteko bideari eta lege horretatik kanpo gera zitezen ETArenak ez beste biktima guztiak. Honako hau nagusitu zen: indarkeria bakarra zegoela; ETArena, alegia. Indarkeria jihadistaren biktimak ere sartu ziren azken orduan.
«AVTk biktima elkarte guztien aterkiaren rola hartu zuen, eta, politikan buru-belarri sartuta, AVTren kontakizunak eskuinera egin zuen gero eta gehiago. Martxoaren 11ko atentatu jihadista mugarria izan zen eskuinaren aldeko rol horretan»
AVT elkartearen rola azpimarratu duzu. Zergatik?
2001etik aurrera AVTk biktima elkarte guztien aterkiaren rola hartu zuen, gobernuen aurrean mintzakide nagusi gisa, eta, politikan buru-belarri sartuta, AVTren kontakizunak eskuinera egin zuen gero eta gehiago. Martxoaren 11ko atentatu jihadista mugarria izan zen eskuinaren aldeko rol horretan. Jesus Alcaraz AVTko presidenteak konspirazioaren teoria hauspotu zuen PPrekin batera, Madrilgo atentatu handi hura ETAri leporatzeko, eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren zilegitasuna ezbaian jartzeko. Ordutik, PPren ildo gogorrenean kokatu zen AVT, Maria San Gil, Esperanza Aguirre eta Aznarren esparruan. Eta AVTk gerora izandako presidenteak ere ez dira posizio horretatik mugitu.
Nagusitasun horrek finantzaketan abantailak ekarri dizkio, ezta?
Bai. Izan ere, diru laguntzen %35 inguru jasotzen zuen. Biktimen elkarteek ezein ideologiari lotu gabe aritu behar dutela esan zutenak bazterturik geratu ziren; esaterako, Gorka Landaburuk gidatzen zuen elkartea eta M-11 elkartea, Pilar Manjon buru zuena.
Beraz, biktimen arteko asimetria ETAren biktimen artean ere bada?
Bai, Landaburuk berak eta Ernest Lluchen alaba Rosa Lluchek ere argi adierazi zuten euren deserosotasuna AVTren rola dela eta, biktimen ahotsa monopolizatzen ari baitzen, PPren alde jarrita. Abortuaren aurkako manifestazioetan parte hartzen ari zen jada, homosexualen eskubideen aurka, Kataluniako erreferendum subiranistaren aurka...
«Biktimen eta biktimarioen arteko elkarrizketak hasi zirenean, batik bat 'Langraiz bidean', AVTk horren aurka egin zuen sutsuki, eta Mariano Rajoy oso estu hartu zuen elkarrizketa horiek galarazteko. AVTrentzat traizioa zen hori guztia»
Covite ez duzu aipatu...
AVTren bide paretsua egin zuen urte askoan. ETA deseginda ere, adierazi izan du ETAk agenda politikoa finkatzen jarraitu duela. Ukatu egin du ETAren desegite hori biktimen erreparaziorako lagungarria dela. Oso ildo gogorrekoak dira, baina, halako batean, Consuelo Ordoñez bere desadostasuna azaltzen hasi zen AVTrekin, GALek eta beste talde terrorista batzuek eragindako biktimak ere aitortu behar direla uste baitu, eta PPri eskatu izan dio ez erabiltzeko Gregorio Ordoñez anaia zenaren oroimena.
Biktima askok esaten dute lagungarria izan daitekeela biktimarioek esatea euren saminaz jabetzen direla, baina AVT beti egon da justizia errestauratiboaren aurka, ezta?
Biktimen eta biktimarioen arteko elkarrizketak hasi zirenean, batik bat Langraiz bidean, AVTk horren aurka egin zuen sutsuki, eta Mariano Rajoy oso estu hartu zuen elkarrizketa horiek galarazteko. AVTrentzat traizioa zen hori guztia. Halaber, jo eta su aritu dira ETArenak ez beste indarkerien biktimak aitortzeko legeen aurka, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren legeen aurka.
Biktima elkarteen eta alderdien arteko ate birakariak ere aipatu dituzu zure lanean.
Bai. Izan ere, Alcarazek erraztu zuen AVT elkarteko edozein zuzendari alderdi politikoetan sartzeko aukera, elkartearen arauak aldatuz, eta horrek martxan jarri zituen ate birakariak. Hor daude Mari Mar Blanco, Luis eta Daniel Portero anaiak, Angeles Pedraza, eta Alcaraz bera, adibidez. Azken hori Voxeko diputatu da Espainiako Kongresuan.