Isilune batekin hasi dute Iruñean, Nafarroako Gobernuak antolatutako terrorismoaren biktimen aldeko ekitaldia. Jaurlaritzarenean ez bezala, Iruñeko omenaldian izan dira EH Bilduko ordezkariak ere. Aldiz, iragarri moduan, ez dira joan Alderdi Popularreko eta UPNko kideak, eta ezta Covite biktimen elkartekoak ere. AVT elkarteko kideak bai izan dira.
Hutsuneak ahaztu gabe, elkarbizitza eta aitortzaren aldeko aldarria egin du beste behin Uxue Barkos lehendakariak. Nabarmendu du, Nafarroako iragan hurbileko indarkerien artean, ETArenak eragin duela "min handiena". Gogora ekarri du Nafarroarekin erlazionatutako 300 zauritu eta hildako izan direla. Biktimen memoriarako eta egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea aldarrikatu du, eta haien aitortza "etikoa eta bidezkoa izateaz gain beharrezkoa" ere badela nabarmendu du.
Barkosek gogorarazi du 2015ean gobernua osatu zutenetik memoria berreskuratzeko lanean aritu direla, "gizarte guztiek terrorismoaren indarkeria jasan dutenekiko dugun zorra kitatzeko, eta bakearen eta errespetuaren kultura sustatzeko".
Ekitaldian 10 minutu inguruko bideoa eskini dute. ETAren lau biktimen lekukotzak bildu ditu: Maria Carmen Belaskoain, 13 urte zituela ETAren bonba baten ondorioz hil zen Alfredo Agirre umearen ama; Juan Salgado Fuentes, 1983an Uitziko mendatean izandako ETAren erasoan zauritutako guardia zibila; Iñaki Garcia Arrizabalaga, Jose Manuel Garcia Cordero Telefonicako Gipuzkoako zuzendariaren semea, Komando Antikapitalistek eraila; eta Ainara Hernandez Cabeza, 1982ko urrian Leitzako kuartelaren aurkako eraso batean hildako Gregorio Hernandez Corcheteren alaba —ehizarako eskopeta baimena eskuratzera joan zenean atentatuak bete betean harrapatu zuen eta tiroz hil zen—.
Ondoren, ekitaldira joandako biktimetako batek, Juan Salgadok, eskatu dio Barkosi "ondo trata" ditzatela. Bere esanetan, biktimei ezin zaie eskuzabaltasun gehiago eskatu, honez gero asko eman dutelako. Politikariei eskatu die "beti" biktimen alboan izan daitezela eta ez ditzatela parekatu euren egoerak "hiltzaileenarekin".
Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezen aburuz, berriz, "positiboa" izan da ETAk indarkeria behin betiko utzi izana: "Orain behin betiko desagertzea baino ez da geratzen". Iraganaren irakurketa kritikoa eskatu du Aznarezek, baina baita sufrimendu guztiekiko begirada inklusiboa ere.
"Berandu"
Pablo Azkonak, Udal eta Kontzejuen federazioko lehendakariak, aipatu du erakundeen eta gizartearen gaitzespen eta babesa "beranduegi", etorri zela, eta barkamena eskatu die biktimei. Gogoan izan ditu jazarriak izan ziren hautetsiak ere.