Bil Gaiten ekinbidearen bidez, herri hauteskundeak prestatzen hasi da EHBai

EH Baik, Bil Gaiten ekinbidearen bitartez, datorren urteko herriko hauteskundeak prestatzeko jardunaldiak egin zituen atzo Baionan. Bozei begirako kanpaina abiatu zuten horrela. 120 militante ezkertiar, abertzale eta ekologista bildu ziren kanpaina prestatzeko. Nabarmendu zutenez, hautetsi gehiago, auzapez gehiago eta ordezkaritza handiagoa lortu nahi dute herri eta hiri elkargoetan, eta, hori lortzeko, politika egiteko modua «parte hartzaile eta gardena» erabiliko dute. Abertzaleek aurreko hauteskundeetan hirugarren boterea izan zirela gogora ekarri, eta ardura horri erantzuna eman behar zaiola esan zuten. Hala, abertzaletasunari dagokionez, identitatea, euskara, erakunde propioa eta Europan Euskal Herri batua izango dira muina. Ezkerreko politikei dagokienez, justizia soziala, herrien arteko elkartasuna eta gaur egungo egoera zaila ere nabarmendu zuten. Ekologian, berriz, Ama Lurrarren errespetuan oinarrituko direla jakinarazi zuten. Hauteskundeei begira, bereziki lehen itzuliari emango dio garrantzia EH Baik, eta, horretarako, zerrenda pluralak osatuko ditu, eta beste taldeekin loturak egiten ere saiatuko dira. Euskal Herriko abertzale ezkertiar militanteek ekartzen duten indarra baliatuko dutela nabarmendu zuten, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu